argia.eus
INPRIMATU
Anonymous-ek Espainiako 5.000 poliziaren datuak argitaratu ditu
  • Mozal Legea eta Espainiako “adierazpen askatasun eta giza eskubideen urraketak” salatzeko egin du erasoa. Agenteen izen-abizenak, posta elektronikoko pasahitzak eta NAN zenbakiak zabaldu dituzte.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko ekainaren 02a
Poliziaren Gizarte Aurreikuspenerako Mutualitatea erasotu du @FkPoliceAnonOps-ek. Argazkia: nakedsecurity.shopos.com

Anonymous-eko kide den @FkPoliceAnonOps taldeak Poliziaren Gizarte-Aurreikuspeneko Mutualitatearen webgunea erasotu, eta Espainiako Poliziako 5.000 agenteren datu pertsonalak argitaratu ditu sarean. ZeroBin atarian eskegi duen mezuan eman du erasoaren berri ekintzaile taldeak.

Mozal Legearekin lotu dute ekintza, eta “zentsura aplikatzen duen Europar Batasuneko estatu bakarra” izatea eta “adierazpen askatasuna eta giza eskubideak urratzea” egotzi dio Espainiako Gobernuari. Halaber, ekintzaileei “kargu faltsuak” ezarri izana salatu du.

Argitara emandako datuen artean agenteen izen-abizenak, NAN zenbakia, posta elektronikoa eta pasahitzak daude. Anonymousek azaldu duenez, “kutsatuta dagoen erakundea” delako dute jomugan Espainiako Polizia.

Erakunde pribatua da Poliziaren Gizarte Aurreikuspeneko Mutualitatea, eta izatez ez du Poliziarekin loturarik. Hala ere, agente askok euren zerbitzuak kontratatzen dituzte prezio baxuagoak tarteko, eta haien web orrialdea hackeatuta lortu dute informazioa.