argia.eus
INPRIMATU
Anoetako hilerrian murala margotu dute herritarren parte hartzea oinarri hartuta
  • Herriko erlijio aniztasuna kontuan hartu dute eta irudiak natura eta lastasuna transmititzea ditu helburu.

Tolosaldeko Ataria @tolosaldeataria Jon Miranda Labaien @amezketano 2018ko urriaren 30

Ez da hilerria herriko tokirik alaiena, baina zendutakoek deskantsua hartzen duten tokiari bizitasuna eman nahi izan dio Anoetako Udalak. «Orientazioak hegoaldera ematen du, pinuz inguratuta zegoen hilerria, eguzkia sartzen ez zela, goroldioa eta hezetasuna zen nagusi», esan du Pello Estanga alkateak. Ingurunea txukundu eta mural bat margotu dute hilerriko atzealdeko paretan. «Ez da azpiegitura handirik behar, pintzelada batzuk nahikoak dira jendearen barrura iristeko, eta hori gure esku dagoen bitartean, egin egingo dugu».

Parte hartzea du oinarri proiektuak. «Herritarrak beraiek erabaki dute pareta horretan zer margotu», esan du Estangak. Ikertze kultur elkarteak, Arantxa Orbegozo eta Nerea Linazasoro artistak jarri ditu prozesua gidatu eta dinamizatzen. Lehenengo bi bileretan ideiak jaso eta zehaztu zituzten. Herritar askok hartu zuen parte eta azaldu ez zirenek, gainera, sare sozialen bitartez bere ekarpena egiteko aukera izan zuten.

Bakea transmititzen duen irudia

Udaletxean egindako lehen bilera horietan oinarri batzuk adostu zituztela azaldu du Orbegozok: «Hemen kolore askotako jendea dago, Anoetan sinesmen ugari du jendeak, eta beraz, ikur erlijiosorik ez jartzea adostu genuen aurrena. Ondoren jendeak, naturarekin lotutako irudi bat jartzea aipatu zuen, lurrarekin lotuko zuena; Euskal Herriarekin lotutako sinboloak eta kolore suabeak ere aipatu zituzten. Lasai egoteko eta negarra egiteko toki bat da hilerria, azken batean, eta horretarako giro atsegina sortzea zen helburua».

Ideia horiek guztiak zirriborro batera eraman zituen Tolosako artistak. «Hau ez da nik pintatuko nukeen murala, niri enkargatuz gero, bestelakoa izango zatekeen. Lan honetan jende askoren nahia dago eta horrek ematen dio balioa horma irudiari». Azkeneko hiru asteak margotzen eman dituzte. 25 metroko luzera duen paretan irudikatu dira herritarrek proposatutakoak. Erdi-erdian zubi bat jarri dute. «Bizitzaren bidaia irudikatzen du. Jakina da zubiaren amaieran zer dagoen, baina hara iritsi aurretik, norberak erabakitzen du zein bidaia egin. Horretarako hanka arrasto batzuk jarri ditugu lurrean». Zubitik eskuinaldera, errekarri batzuk jarri dituzte bata bestearen gainean, «bizitzako oreka irudikatuz, txinatar lorategi bat balitz bezala». Ezkerraldera berriz, Euskal Herriarekin lotuz, ia desagertzear dauden metak jarri dituzte. Albo batean zuhaitz baten adarrean, Anoetako ikurra den kukua ageri da eta horma irudi osoan zehar, txoriak, alde batera zein bestera. Paretaren alde banatan, 3x3 metroko bi hormetan, lauburu bat eta irudi zelta bat jarri dituzte eta hilerriko sarreran eguzki lore bat, «espiritu txarrak uxatzeko garai batean erabiltzen zen sinboloa».

Orbegozok eta Linazasorok gidatu dituzte margotze lanak azken asteetan eta herritarrak gerturatu dira laguntzera edo inguruneak txukundu eta garbitzera. «Jendeak oso kontentu bukatzen du, normalean ez baitago lan hauetara ohituta, eta horrela, ofizioa ere ikasten dute. Bukaeran eurena sentitzen dute horma irudia». Behin lanak amaituta, gerturatzen diren herritarrak argazkiak egitera eta jolastera gonbidatu ditu Orbegozok: «Perspektibarekin jolastuz, argazki politak eta dibertigarriak atera daitezke». Hilerriko beste pareta batean, beren ekarpena egiteko aukera izango dute bisitariek, hil aurretik egin nahiko luketena idazteko aukera izango dute. 'Buelta egunik gabeko bidaia egin' idatzi du, dagoeneko, herritar batek.

Banku bat jartzeko aukera aztertuko du udalak orain, lasai egon nahi dutenek horretarako aukera izan dezaten. Estangak nabarmendu duenez, ikusi duten herritarrek «gustura eta esker onez» hartu dute horma irudiaren proiektua. «Herritarrei hogei pintura bote eta hamar pintzel utziz gero argi dago mundu asko sortu daitezkeela», azpimarratu du Orbegozok horma irudiari begira.

 

<< Albiste hau Tolosaldeko Ataria-k argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.