Annie Ernaux idazle frantsesa saritu du Suediako akademiak. Nobela autobiografikoak idatzi ditu batez ere, eta hainbat irakur daitezke euskaraz, 'Pasio hutsa' eta 'Gertakizuna' eleberriak, besteak beste. Bere obraren ausardia eta zehaztasun klinikoa saritu ditu epaimahaiak.
Annie Ernauxen “ausardia eta memoria indibidualaren sustraiak, di eta muga kolektiboak destapatzeko zorroztasun klinikoa” dela-eta erabaki du epaimahaiak saria berari ematea. 1940ean Lillebonnen jaio zen, baina Normandiako Yvetot herrian eman zuen haurtzaroa. 1970ean argitaratu zuen lehen nobela, Les Armoires vides (Armairu hutsak), baina 1983an argitaratutako La Place (Lekua) eleberriak eman zion sona, 1984ko Renaudot Sari entzutetsua irabazi baitzuen.
Akademiak azpimarratu duenez, generoa, klasea eta hizkuntzaren desberdintasunek markatutako bizitza aztertzen du Ernauxek, ikuspegi desberdinetatik. Ernauxek egiletzarako egindako bidea luzea eta gogorra izan dela ere azaldu du Nobel sariaren epaimahaiak.
Euskaraz irakur daitezke Ernauxen bost nobela. 2002 eta 2003 urteen artean hiru argitaratu ziren, hirurak Joseba Urteagak itzuliak: Pasio hutsa (Igela, 2002), lehen aipatutako Lekua (Igela, 2003) eta Gertakizuna (Igela, 2003) liburu ezaguna. Zortzi urte beranduago argitaratu zuen Txalapartak ama-alaben arteko harremana ardatz duen Emakume bat liburua, Itziar de Blasek itzulita, eta Igelak 2015ean Begira zenbat argi, maitea (Itzulpena: Xabier Aranburu).
Suediako Akademiak 118 idazle saritu ditu orain arte, eta horietako 16 baino ez dira izan emakumeak. Idazle gehienak, gainera, Europakoak edo Ipar Amerikakoak izan dira. Azken urteetan joera horiek zuzentzeko saiakera egiten ari da Suediako akademia.