argia.eus
INPRIMATU
Anna Gabrielen Gasteizeko hitzaldia etetean giza eskubideak urratu zirela aitortu du Gasteizko epaitegi batek
  • Javier de Andres Espainiako Gobernuko EAEko ordezkariaren eskakizunez moztu zuten orduko hartan Kataluniako CUP alderdiko diputatua zen Anna Gabrielen hitzaldia. Epaitegiaren arabera, debeku horrekin biltzeko eta adierazteko eskubideak urratu ziren.

ARGIA @argia 2018ko irailaren 14a

Gasteizko Administrazioarekiko auzien 1 zenbakidun epaitegiak ostiral goizean eman du epaia. Honek dioenez, diskurtso politikoaren arabera lokal baten erabilera ukatzea ahalbidetzen duen “prebentziozko legezkotasunik eza” edo “udal ondasunen ondare-eskubiderik” ez da existitzen.

Iazko irailaren 15ean moztu zuen Gasteizko Udaltzaingoak AsCATasunera taldeak antolatutako hitzaldia, zeinetan Anna Gabriel zen gonbidatua. Esku hartze horretan, udaltzainek Gabriel eta berau elkarrizketatzen zebilen Hala Bedi irratiko kazetaria identifikatu zituzten, eta Aldabe gizarte-etxeko aretoa hamar minututan hustu ezean Ertzaintzari dei egitearekin mehatxu egin zuten.

Udalak gertakariaren gainean auzitegiri epairik ez ematea eskatu bazion ere –ekitaldia bertan behera geratu zelako–, Gabrielek auziaren mamia aztertzea eskatu zuen. Urtebeteren ostean, epaiak onartu egin du oinarrizko eskubideen urraketa eman zela. Espainiako Gobernuari kostuak ordaintzeko zigorra ezarri dio, honen helegitea atzera bota ostean.

Hala Bedik bideo honetan jaso zuen hitzaldia eten zuten momentua: