argia.eus
INPRIMATU
Anna Gabriel Espainiako Auzitegi Gorenean aurkeztu da eta behin behinean aske geratu da
  • Anna Gabriel CUPeko diputatua zen Kataluniako Legebiltzarrean, 2017ko urriaren 28an kargugabetua izan eta Suitzan erbesteratu zen arte. 2018ko uztailean bera atxilotzeko agindua eman zuen Espainiako Auzitegi Gorenak, desobeditzea egotzita eta geroztik "errebeldia" egoeran zen. Gaur bere borondatez aurkeztu da epaitegi honetan: Pablo Llarena epaileak udazkenerako eman dio deklaratzera joateko hitzordua eta behin behinean aske geratu da eta bere aurkako atxilotze agindua eten egin da. Suitzara itzuli da.

ARGIA @argia 2022ko uztailaren 19a
Argazkia: @freeannagabriel

Iñigo Iruin abokatuak lagunduta sartu da CUPeko kide Anna Gabriel Espainiako Auzitegi Gorenean, gaur goizeko 11:00ak aldera. Llarena epaileak udazkenerako eman dio deklaratzera joateko hitzordua, eta betebeharren artean ezarri dio lokalizatzeko moduan egoteko helbide eta telefonoa zehaztea eta deitzen zaion guztietan Auzitegi Gorenean agertzea. Horren ostean, behin behinean aske geratu da eta bere aurkako atxilotze agindua eten da.

Gabrielek adierazpen hauek egin ditu auzitegitik atera berritan: "Lau urte eta erdiko erbestealdia eta gero, ez nik eta ez inork inoiz galdu behar ez genuen askatasuna berreskuratzeko beharrezko urratsa da gaurkoa".

Suitzan jarraituko du

Anna Gabrielek adierazi duenez, "ardura profesional eta pertsonalekin koherentzian" Suitzan bizitzen jarraituko duela. Ginebrako UNIA sindikatuko idazkari nagusia da iazko azarotik eta Suitzan bizitzeko baimena du bost urterako. Baina gaineratu du bere "konpromiso politiko eta sozialek zeuden lekuan jarraitzen dutela, nire herriarekin, nire jendearekin, eta oso modu berezian, errepresaliatuak diren pertsona multzoarekin".