argia.eus
INPRIMATU
ANkerkeriari Stop plataforma
“Ez dugu onartzen absoluzioa ez den beste epairik”
Aiaraldea @aiaraldea 2021eko urtarrilaren 25
Argazkia: Aiaraldea.eus

Juan Urrutiatik abiatu da mobilizazioa 18:00etan. Ehunka lagunek egin dute bat deialdiarekin. Udaletxearen aurrean eman diote amaiera manifestazioari. 

ANkerkeriari Stop plataformako kideek ekitaldian nabarmendu dutenez, "argi geratu da eraso planifikatua izan dela, horrela demostratu da epaiketaren bi egunetan Auzitegi Nazionalean, salbuespenezko eta inolako bermerik gabeko epaiketa politiko batean". Juan Urrutia plazan bildutako jendetzari eskerrak emanez hasi dute hitzartzea: "Zorionak plataformatik zabaldutako deialdi eta ekimen guztietan elkartasun eta babes osoa adierazi duzuenei, hau baita herriak duen baliorik handiena".

Galder Barbado eta Aitor Zelaia sententziaren zain geratu dira. Datozen egunetan ere adi egoteko eskatu diete bertaratutako herritarrei:  "Adi egon sareetara, hau ez baita hemen amaitzen. Ez dugu onartuko absoluzioa ez den beste epairik". 

Fiskalak mantendu egin du Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteen aurkako eskaera: 8 urteko espetxe zigorra eta urteko zaintzapeko askatasuna. Defentsak, berriz, absoluzioa eskatu du bi gazteentzat.