Hamalau hitzaldi, zuzeneko irakurketa musikatua eta idazlearen beraren parte-hartzea bildu dituzte egitarauan. Ekainaren 29 eta 30ean izango da, Donostiako Miramar Jauregian.
Mende erditik gorako ibilbidean, Anjel Lertxundik obra aberatsa osatu du, sari entzutetsuak jaso ditu, eta EHUko irakasle eta ikastaroaren zuzendari Alex Gurrutxagak eta Beatriz Zabalondok nabarmendu dutenez, ezinbestekoa iruditzen zaie literatur ikerketen esparru akademikoak idazlearen obra aztertzea. Horregatik, asmo horrekin, kongresuak punta-puntako hamalau aditu eta hizlari bilduko ditu Lertxundiren lana era monografikoan eta bi egunez lantzeko.
Besteren artean, gonbidatu izango dira Lourdes Otaegi, Beñat Sarasola, Idoia Santamaria, Antton Olariaga, Andoni Egaña, Juan Kruz Igerabide, Danele Sarriugarte eta Iratxe Retolaza. Aztergai izango dute Lertxundiren literaturgintza, obraren eta idazlearen ikuspegitik, hitzaldi formatuan batzuk eta mahai inguru moldean besteak.
Informazio gehiago jaso edota ikastaroan matrikulatu nahi duenak, hala egin dezake esteka honetan.
Zarauzko Udalak aitortza, kongresua baino lehen
Ekainaren 20an, asteartez, Zarauzko Udalak kultur merezimenduaren domina emango dio Anjel Lertxundiri, eta emanaldian bertan Uxue Alberdik eta Jexuxmai Lopetegik hartuko dute hitza.
Udal aitortzaz gain, hainbat kulturgileren ekimenez, Idazle totala solasaldia izango da Modelo Aretoan, domina jaso ostean, iluntzeko 19:30ean. Lertxundiren obraz ariko dira Andoni Egaña, Danele Sarriugarte, Iratxe Retolaza eta Iñigo Astiz.