argia.eus
INPRIMATU
Aniztasunetik elkarlanera, estigma eta aurreiritzien aurka Bilboko Miribillan
  • Miribilla eskolako lagunek 11 Kolore elkartearen erronka onartu dute. Arrazakeria gaitzetsi eta aniztasuna goraipatzen duen abesti bat ikasi dute, euskaraz, ezberdinen artean. Prestaketak luze jo du, baina ilusioa eta elkarlana sortzeko balio izan du. Bideo batean jaso dute egindako bidea. 

Uriola.eus @uriolaeus 2017ko abenduaren 15

 

Aniztasuna da Miribilla HLHI ikastetxea laburbiltzen duen ezaugarri nagusia. 21 herrialdetako lagunak dira eskolako partaide. Datu horrek egiten ditu "Euskal Herrian lehenengoak" aniztasunean. Horri esker dakite ikasleek, esaterako, "mundua zein handia den, eta bertan azal desberdineko eta inoiz entzun gabeko hizkuntza anitzeko jendea bizi garela".

Horregatik jo zuten 11 Kolore elkarteko kideek Miribilla eskolara arrazakeriaren kontrako eta aniztasunaren aldeko kanta bat ikasteko erronka luzatzera. Hasieran, gutxi izan ziren erronka onartzea erabaki zuten eskolako lagunak. Baina berehala konturatu ziren, gutxi izan arren, erronkak "giro ona sortzeko balio zezakeela, elkarbizitza sendotzeko, eta dibertigarria eta motibagarria ere izan zitekeela ikasleentzat". 

Gainera, aukera paregabetzat jo zuten eskolako errealitatea erakusteko. Batik bat, "Miribilla HLHIri buruzkoa estigma eta aurreiritziak apurtzeko", eskolako ama Rosanaren esanetan. Ana ere, ikasle baten ama, iritzi berekoa da: "Estigma Hezkuntza Ordezkaritzan dago, gizartean, zentrotik kanpo, eta estigma hori iraunarazten dute zenbait erakundek eta jarrerak. Miribillari buruz hitz egiten dute eskolan sartu gabe, eskola ezagutu gabe". Ideia horixe da eskola-komunitateko kide desberdinek azpimarratzen dutena.

Ikastetxea ezagutzen duten pertsonak aldiz, besteak beste gurasoak, pozik azaltzen dira haien seme-alabei irakasten dizkieten baloreekin. Ezberdinen arteko errespetua goraipatzen dute. Hori deta eta, ez dituzte gustuko eskola kanpotik "egunero erasoak jasotzea". 

Abestiak "gehiago" elkartu ditu

Txikia zen lantaldea handituz joan da ikasle, irakasle, zentroko langile eta gurasoekin. 50 bat izateraino. Euskarazko letra ikasi dute, taldekide askok euskaraz jakin ez arren. Elkarlanean aritu dira askok elkar ezagutu ez arren. Entseguetan "une politak" partekatu dituzte aitortu dutenez. "Harro" daude egindako lanarekin, harro duten eskolarekin. Izan ere, lehen aldiz aritu dira elkarlanean, eta emaitzak ikastetxeko komunitatean "ilusioa" eta "harridura" sortzeko balio izan du. Ikastetxea osatzen duten kide desberdinak "gehiago" elkartzeko.  

Albiste hau Bilboko Uriolak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.