argia.eus
INPRIMATU
Aniztasun gela edo “dibertsi”
  • Duela bi urte ez nuen aniztasun gela ezagutzen, ez nekien horrelakorik zegoenik ere. Sinplifikatuz, egoera berezia duten DBH-ko ikasleei zuzendutako gela da.

Eibar .org Gari Araolaza 2019ko ekainaren 27a
Eibarko DBH zentroko tailer batean lanean (irudiaren jatorria: Eibarko Udala)

Ez naiz hezkuntzako profesionala, guraso bat baizik. Sarean ez dut beste informaziorik aurkitu eta agian puntu okerren bat esango dut, horregatik eskertuko ditut zuzenketak komentarioetan.

Aniztasun gela edo "dibertsi" (Diversidad hitzetik) gela berezi bat da, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) hainbat zentrutan eskaintzen dena. Gela berezi honen helburua da DBHko titulua lortzeko zailtasunak dituzten ikasleei jarraipen zuzenagoa egin ahal izatea.

Zailtasun hauek jatorri oso desberdina izan dezakete: luzaroan gaixo egon diren ikasleak, beste herrialde batzuetatik iritsi direnak, ikasteko zailtasunen bat dutenak... hainbat kontu egon daiteke jatorrian. Hortik izena: Aniztasun gela. Hala ere lerro honetan sartzeko aukeraketa bat ere egiten da eta faktore nagusienetakoa izaten da lanerako motibazioa izatea.

Gela honetan eskolak nagusiki bi irakaslek ematen dituzte, nolabait esateko batek letrak (euskara, gaztelera, gizarte...) eta besteak zientziak (mate, fisika/kimika, bio/geo...) blokeetan banatuta. Beste ikasgaien kasuan (ingelesa, soinketa etab.) bakoitzak bere irakaslea du, lerro arruntean ematen duena.

Bi urtetako zikloa izaten da aniztasuna eta ezin da errepikatu, eta nota globala izaten da bloke bakoitzean.

Aniztasun gelako ikasle kopurua txikiagoa da (12-15) eta lan pertsonalizatuagoa egin ahal izaten du irakasleak. Azterketek pisu gutxiago dute eta gehiago gelako aurkezpenek, taldeko lanek eta eguneroko jardunak, irakasleak oso ondo jarraitzen bait du ikasleen eguneroko esfortzua.

Kontua guztiz argi gelditu ez zaidan arren, printzipioz ikasleen notek ponderazio bat jasatzen dute eta ezin dute puntu batetik goragokoak izan, lerro arrunteko ikasleekin abantaila bat ez emateko itxura batean. Oasi bat dirudien arren, puntu honetan ez da ikasleen esfortzua hainbeste baloratzen, eta emaitzen diktadura saihestezina azaltzen zaigu.

Hala ere merezi du. Eskola anitza nahi genuen, fokua esfortzuan jartzen duena eta ez hainbeste emaitzetan, ikasle kopuru mugatu batekin, ikasle bakoitzaren berezitasunak kontutan hartuko dituena, ikasleen arteko harremanak eta talde lana bultzatuko dituena... eta hori dena dago aniztasun gelan. Horri gehitu albo efektuak:

  • Ikasleak ez dira beraien mailaz lotsatzen, libreki eta akatsak egiteko beldurrik gabe hartzen dute hitza gelan.
  • Bakoitzak zailtasunak alde batean dituenez elkarri laguntzeko prest daude ikasleak eta inork ez dio besteari barre edo burlarik egiten.
  • Ikasle bakoitzaren gaitasunak azaleratzen ditu, eta horrek beraien autoestimuan asko laguntzen du. Ordura arte beraien buruaz kontzeptu eskasa zuten ikasleak besteei laguntzeko gai direla konturatzen dira.

Badago beste ikasle eta gurasoengandik kasu batzuetan inbidia edo zelo apur bat, ikasle hauentzat gauzak errazagoak izan daitezkeela edo. Nik alderantziz esango nuke, ikusi dudalako zenbat lan egin duten eta nolako esfortzua egin duten.

Azken finean, ez genuen esfortzua baloratzea nahi, ezagutzen ordez? Zailtasunak dituzten ikasleekin zer egin nahi dugu, pelotoian integratu ala bide bazterrean utzi? Ez ote da metodologia hau eskola publikoan denontzat nahiko genukeena? Eredu hau bultzatu dezakegu denon artean makro-zentru eta gela masifikatuen ordez?

Bukatzeko, eskerrik beroenak Eibar BHI zentruko Virginia, Irene eta Gorkari, sistemaren zurruntasunaren gainetik beraien gizatasuna jartzeagatik. Eskerrik asko bihotzetik zuen lanagatik.

 

Albiste hau Eibar.org-tik hartu dugu eta CC-by-SA lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.