argia.eus
INPRIMATU
Alternatiben Herria
“Bizitza Anitzak eta Duinak” auzoari begirada
  • “Gorputz eta bizi eredu ez-normatiboen esperientzien" berri emango du Alternatiben Herrixkako “Bizitza Anitzak eta Duinak” guneak. Performanceen, musikaren eta animazioen bitartez, maitasun erromantikoa, indarkeria matxista, zeinuen hizkuntza, euskara eta autokritika soziala landuko dituzte, besteak beste. 

EƱaut Agirrebengoa Apaolaza @eagirrebeng 2015eko urriaren 22a

Arte eszeniko eta plastikoen ikuskizun eta tailer batek emango dio hasiera gune horretako egitarauari. 11:00etatik 12:00etarako tartean,  “guztiok ditugun gaitasunak" inklusibotasunez azaleratuko dituzte. Horrekin batera, dantza integratuko tailerra eta mural eraikuntza egingo dute.

Ondoren, eskultura, musika eta pintura tailerra eskainiko dute “Umeak herria eraikitzen” izenburupean. Gidaritza lanetan arituko dira, besteak beste, Roke Grafitilaria eta  gizarte aniztasunaren aldeko EH 11 kolore ekimena. Euskara eta zeinu hizkuntza erabiliko dira –gaztelera soilik beharrezkoa bada–, eta ume zein helduek hartu ahalko dute parte. Goizari saio honekin emango zaio amaiera.

Arratsaldean dramatizazioa erdigunean

“Latidos de tribunal” kale antzerkiak irekiko du arratsaldea. Indarkeria sexista eta emakumeen giza eskubideen urraketa jorratuko ditu. Ez da eguneko antzerki bakarra, 19:00etatik aurrera “Kankaneo” kale-antzezlana egingo baitute. Ikuskizun “dibertigarri eta zirikatzailea” izanen da, “ikusleei agintea emanen diena”. Agerikoa dena zein ez dena “hankaz gora” jarriko du, antolatzaileen esanetan. 

Autokritika egitea xede duen "Puro luego” musika emanaldia  ere eskainiko dute.  

Hemen auzoaren aurkezpen bideoa: