argia.eus
INPRIMATU
Aniztasuna askatasun, izan gaitezen zernahi
  • 1969. urtea. New York. Ekainak 28. Herri matxinada. Milaka gay, lesbiana, bisexual eta transexual kalean. Aurrean polizia. Goizalde hartan Stonewallen herri altxamendua gauzatu zen. Historiak “Stonewalleko istiluak” izendatu baditu ere, egun hartan ezbairik gabe, LGTBIQ pertsonen eskubideen aldeko borrokaren oinarriak ezarri ziren, AEBetan eta mundu mailan ere bai.

Ernai Antolakundea @ernaigazte 2016ko ekainaren 28a

Geroztik ekainaren 28a ospakizun eta borroka eguna dugu. Sexu aniztasuna eta identitate ezberdinen existentzia aldarrikatzen dugun eguna. Gorputz, aukera sexual, eta izaera anitz kalean aldarrikatzeko eguna. Zernahi garela eta zernahi izan nahi dugula borrokatzekoa. Plazerak, gorputzak, gozamenak dena da bizigarri, zilegi eta balio zein babes politikoa izan behar du.

Sistema patriarkalak baztertu eta zapaldu egiten du heteroarautik  ateratzen den oro, ateratzen garen oro. Modu oso bortitzean baztertzen gaitu gainera. Gorputzak ebakuntzak egitera behartuz, genero-rol zurrunak inposatuz, binomioetan pentsatuz, maitasunaren esparrua mugatu eta prekarizatuz...

Sistema kapitalista eta patriarkalak aurrera egin ahal izateko, heterosexualitatea eta erreprodukzioan oinarritutako bizimoldeak arau bihurtu dizkigute botere guneek, gure nahi eta desioak erreprimitu eta norabidetuz, zer eta nola sentitu behar garen inposatuz. Jendartean "normala" den hori arau pisutsua da askotan. Inposatutako eredu bakarraren aurrean sentitzen ditugun bestelako desio eta identitateak bortxaz erredikulizatuak edo gutxietsitakoak dira.

Egunero aurre egin beharreko araua da heterosexualitatea. Gure gorputzak zein sexu praktikak aske bizitzea, nahi eta desio propioak ditugun pertsona askeak garela ulertzea, eta jendarte feminista baten alde borrokatzea. Eguneroko jardun eraldatzailea da aldaketarako giltza. Bakarrik ezin da, eredu bakarrarekin ezin da. Bakarrik edota taldean aniztasunez ekin behar diogu sexualitatea modu askean askean biziz eta zernahi izateko borrokatuz..

Aniztasun askatasun, izan gaitezen zernahi!

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbidera