argia.eus
INPRIMATU
Laborariok, animalien ongizatea zaintzen aintzindari
  • Hortxe ditugu zain arditegiko aska puntetan gatuak, noiz beteko diegun gatilua, bildotsek utzi esne ondarrak deizten ari garelarik ardieri. Ez ditugu perekatzen guk gatuak, ezin erran maite ditugunik eta nork daki haiek maite gaituztenik?

Mikel Hiribarren @syndicatELB 2017ko abenduaren 04a
"Gatuak artaldearekin eta gurekin bizi dira. Bakanago dira saguak gure arditegian, kanpoetan ibiltzen dira saguka gure gatuak, baratzekoak eta pentzetakoak ihiztatzen dituzte".

Artaldearekin eta gurekin bizi dira. Zaintzen gaituzte naski ardi ilortze gaitz batzuetarik. Ihiztariak dira bestela, saguak dituzte hazkurri. Bakanago dira saguak gure arditegian, kanpoetan ibiltzen dira saguka gure gatuak, baratzekoak eta pentzetakoak ihiztatzen dituzte. Noizean behin xoriak ere kilikatzen dituzte. Garbitasun ederra atxikitzen daukute etxe inguruan guri gatuek, xerri artekiaren kailua eta gasnaren azala ere merezi baitituzte.

Hainbat gaixto haatik etxaldeko gatuak noiznahi umaldi berriarekin agertzen badira. Zerbait egin behar da hamaika gatume izan ez dadin, gasna azalak, arteki kailuak eta esne oporrak gutiegi izan aintzin. Emeak agorrarazi, umeak kalitu edo arrak suntsitu, bakotxak atxik beza bere ikuspegia, baina natura bereber ibiltzerat ez daiteke utz!

Hemeretzigarren mendearen erditsutan agertu omen ziren animalen ongizatea gerizatu nahi zuten mogimenduak. Orduko andereak ziren karrosak tiratzen zituzten zaldien zorteaz axolatu, hauk harat eta hunat erabiltzen baitziren bidez bide, askotan erdi goserik eta leher egin arte… orduan lanerako eta gudurako baizik ez baziren zamariak, geroztik aldatu da hauen zortea, ausagailu eta bizilagun bihurtuak baitira, erdi sakratuak.

Animalen ongizatearen aldeko sukarra bero beroan dugu jendartean azkeneko denbora hautan. Jende baino zakur eta gatu gehiago bada Frantzia bezalako herrialde batean. Hiriko jende askok guziz arroztuak dituzte baserrietako kabalak, beren eguneroko bizilagun diren zakur ala gatuekilako harreman bitxi hori besterik ez dutela ezagutzen. Horregatik dute animalen ongizatearen marra nunbait gora ezartzen herritar frangok, beren haurrak bezala dauzkate alabainan etxean bizikide dituzten abereak.

Hor debru, animalen ongizatearen mogimendu horren itzalean agertu da berriki indar berri bat, hazkuntza guzia suntsitu nahi duena. Hauek diote  kabalen heztea sekulako menperakuntza izan dela gizonen eskutik. Hauek diote oraino animalen libratzeko borroka dela helburu nagusia. Dioten bezala gizonak izan direla ikaragarri krudelak eta beraz ordu dela animalen dretxo guziak eskuratzeko. Irakurleak ezagutuko ditu hemen gure hiltegietan sartu diren militanteak.

Utopia eta amets orokor nagusiak hurtu egin direlarik jendartean, ahuldu direlarik zeruetako loriak eta gizarte berdintzalearen zoriak, abereen askatasunaren aldeko ideologia mentsak bere bidea urratzen ari du, hazkuntza guziak suntsitu nahi dituela, haragi jatea ere debekatu nahi duela hazkuntzak ekartzen dituen ekoizpen guziak bezala. Galdu ditugu zedarriak, jainkoetarik eta abereetarik berexten gintuztenak, derauku Christian

Wolff filosofoak. Alde batetik erdi jainko egin nahi gaituzte, teknikaz heriotzaren gainditzeko menturan sinesten dutenek, ukatuz abereen parekoak girela gorputzez. Bestaldetik, aberezaleek abere guzien berdinak girela uste dute, eta beraz abere guzientzat gizakien dretxo berdinak nahi dituzte. Bi ikuspegien artetik, lehen bait lehen kausitu behar gizabide berria, emazte eta gizon begiratzen gaituena, ezta abere xoil, ezta jainkoen pare.

Ozen derauku Wolff-ek laborari eta kabala hazleei, hazkuntza suntsitu nahi duteneri buru egiteko, izan gaitezela gu animalen ongizatea zaintzen dutenen aitzindariak. Nun dira hobeki gure ardiak pentze eta bortuetan alha baino, etsaietarik eta gaitzetarik zaintzen ditugula, uzten daukuten mozkinaren alderat? Nun dira hobeki gure gatuak, belar punpulen artetik ihiztari etxaldetan, ala bizitegi hetsietan dena ile eta dena xitxi?