argia.eus
INPRIMATU
Animalien Askapenerako Fronteak bere gain hartu du Iruñeko Gaseko ukuiluetako erasoa
  • Talde honetako kideek adierazi dutenez, gauean piztutako sutea eta zezenketen aurkako margoketak egin dituzte animaliak erabiltzen dituzten jarduerak geldiarazi nahi dituztelako.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2018ko ekainaren 08a

Azken astean Iruñean izandako bigarren sabotajea da. Entzierroko ibilbidean porlana bota zuten hesiak jartzeko zuloetan.

Iruñeko Udaltzaingoa goizaldean Gaseko ukuiluetan izandako sabotajea ikertzen ari da. Ezezagunek su eman diote Gaseko ukuiluetan zegoen makina bati eta garrak azkar zabaldu dira. Halaber, zezenketen aurkako pintadak ere agertu dira. Bestelako kalte materialak ere izan dira.

Udalak jakinarazi duenez, sua 04:50ean piztu da. Iruñeko Udaltzaingoa eta suhiltzaileak garrak piztu diren tokira joan dira eta "zezen" itxurako makina bat sutan zegoela egiaztatu dute.

Bertaratutako suhiltzaileek sua itzaltzea lortu badute ere, kalte materialak "handiak" izan dira.

Halaber, zezenketen aurkako hainbat pintada egin dituzte Gaseko ukuiluetan, Udaltzaingoaren arabera, zezenketen kontrako taldeek egindakoak.

Azken astean Iruñean izandako bigarren sabotajea da. Izan ere, astearte honetan jakin zenez, entzierroko ibilbidean porlana bota zuten hesiak jartzeko 13 zulotan, sanferminetarako hesia jartzea eragotziz.

Udaltzaingoak espediente bat ireki du, gertaturikoa ikertzeko.

 

Animalien Askapenerako Frontearen barruko No19 taldeak bere gain hartu ditu ekintza horiek guztiak. Animalien sufrimendua eragiten dituzten egoerei erantzutea bilatu dutela adierazi dute: "Sanferminetan animaliak erabiltzen dituzten ekitaldiak gelditu eta saihestu nahi ditugu, bai eta animalien kontura aberasten diren enpresa eta instituzioei kalte ekonomikoa sortu".

"Urtero, tradizio eta festaren aitzaki ustelaren babesean, berrogei zezen baino gehiago erailtzen dituzte Iruñƒean. Horiek minez eta sufrimenduz betetako amaiera pairatzen dute hiri honetako kaleetan eta zezen plazan", salatu dute. Heriotzaren korridorearekin parekatu dituzte Gaseko eskortak, eta entzierroko hesiak, berriz, kaiolarekin.

Iruñeko Geroa Baik erasoak salatu egin ditu eta esan du halako ekintzek "oztopatu" egiten dutela zezenketei buruzko "eztabaida arrazoizko eta lasaia". Alderdiak zabaldutako oharraren arabera, elkarrizketa da iritzi desberdinen artean elkarguneak aurkizeko modu bakarra: "Beste bideetatik lortzen den bakarra da, iritzi berekoak direnak ere aurka jartzea".

Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.