argia.eus
INPRIMATU
Animalien askapena Israelgo apartheidaren menpe: existitzea, erresistitzea, borrokatzea
  • Okupaziopean. Halaxe bizi dira palestinarrak. Okupatzaile israeldarrak palestinarren egunerokoa baldintzatzen du, esparru guztietan. Horregatik, existitzea erresistitzea da Palestinan. Zapaltzaileari erronka jotzeko modu bat. 1948. urtean, 700.000 palestinar bota zituzten beren lurretatik, eta berriz mugitu behar izan zuten 1967ko gerraren ondorioz. Horregatik, existitzea erresistitzea da Palestinan. Palestinarrak desagerrarazi nahi dituen okupazioaren aurka egiteko estrategia bat.

Nor talde antiespezista @norantiespezist Edurne Elizondo @edurne_elizondo 2019ko otsailaren 20a
Argazkia Nor

Existitzea eta erresistitzea. Hori da PAL Palestinian Animal Leagueko ekintzaileen eguneroko errealitatea. Existitzea, erresistitzea eta borrokatzea. Batek bertzea ekartzen baitu. Horri buruz aritu dira PALeko kide Ahlam Tarayra eta Ahmad Safi, Euskal Herrian. Hernaniko Urumea Herri Gunean eta Bilboko Deustuko Herriko Tabernan izan ziren. PALeko ekintzaileek mezu garbia zabaldu nahi izan dute: “Gure lurra askatu nahi badugu, lehendabizi gizakiak eta bertze animaliak askatu behar ditugu”.

Zapalkuntzen arteko lotura

Urumea Herri Gunea lepo bete zuten, atzo, palestinarren hitzaldia entzutera joan ziren herritarrek. Interes handia piztu zuen ekinaldiak. “Euskal Herriak eta Palestinak gauza anitz partekatzen ditugu; herrien arteko elkartasuna behar dugu”, erran zuen Ahmad Safik, harrera eskertuz. Palestinarrek hasieratik nabarmendu zuten beren lanaren ardatz hartu duten oinarria zein den: zapalkuntza oro lotuta daudela, eta, ondorioz, denen aurka egin behar dela, ezinbertzean. Horregatik utzi zuten argi gizakien eta gizakiz bertzeko animalien askatasuna lortzeko borrokek eskutik helduta egin behar dutela aurrera. Eta horregatik salatu zuten, irmo, gainera, gizakiz bertzeko animalien aldeko borroka palestinarren aurkako indarkeria eta zapalkuntza justifikatzeko eta zuritzeko erabiltzen dutenen jarrera.

Ahlam Tarayra, Hernaniko Urumea Herri Gunean.

Izen zehatza du jarrera horrek: veganwashing, ingelesez. Gizakiz bertzeko animalien aldeko hainbat talde badira Israelen; 269 Life eta bertze hainbat talde aipatu zituzten, Hernanin, ekintzaile palestinarrek. “Beganismoa ez da dieta bat; jarrera etiko bat da. Ezin duzu txalotu Israelgo armadak larrurik ez duten botak erabiltzea, militar horiek plalestinarrok hiltzen gaituzten bitartean”, nabarmendu zuen Safik.

Zapalkuntza baten kontra egiteko, ezin da bertze bat justifikatu. Lelo hori bere egin zuten PALeko kideek. Beren lana garatzeko testuingurua Euskal Herrian edo inguruko bertze edozein herritan egon daitekeenaren hagitz bertzelakoa dela ezin da ahaztu: okupazio militar baten pean bizi dira palestinarrak; beren lurrak eta beren lurreko baliabideak lapurtu dizkiete; eta zapalkuntza horrek guztiak gizakiengan eta gizakiz bertzeko animaliengan du eragin zuzena. “Gizakiak bertze animaliak tratatzen dituen bezala tratatzen gaituzte palestinarrok”.

Palestinako ekintzaileak Nor taldeko bozeramaile Maialen Saguesekin.

“Indarkeria normalizatu egin dugu, neurri handi batean”, azaldu zuen Ahlam Tarayrak. Eta errealitate hori errotik aldatzea hartu du PAL taldeak helburu. Horretarako, Palestinako haur eta gazteak ahalduntzeko lan egiten dute, 2011. urtean taldea sortu zutenetik. Lan horren hasieran, Palestinako kaleetan bizi diren txakurrak eta katuak artatzeko programak garatzen hasi ziren PAL taldeko ekintzaileak, haurrek eta gazteek animalion ardura hartzea bultzatuz. Bertze animalia horiekin sortu zituzten harreman horrek eraman zuen PAL oraingo bere helburuak eta lana garatzera. Palestinan lanerako erabiltzen dituzten astoak eta zaldiak artatzeko programa ere badute, eta 2016an, taldearen babespean, kafetegi beganoa jarri zuten martxan hainbat gaztek. Ezin izan zuen aurrera egin, baina Ramalan bertze saiakera bat egiteko lanean ari dira.

Orain okupazioa da, baina aurretik kolonialismoa izan zen. Hori ere nabarmendu nahi izan zuten ekintzaile palestinarrek, kolonialismo horrek eragin zuzena izan duelako egungo palestinarren egunerokoan. “Jatorrian, palestinarron dieta begetarianoa edo beganoa izan zen; kolonialismoak ekarri zuen haragia”. Emakumeen eskubideak edo homosexualenak ere aipatu zituzten ekintzaileek. “Gure liburuek eta historiak argi eta garbi erakusten dute Palestinan homofobiarik ez zegoela; kolonialismoak ekarri zuen”, azaldu zuen Ahlam Tarayrak, adibide gisa.

Kolonialismorik eta okupaziorik gabeko Palestina du PAL taldeak xede. Palestinako gizakien eta gizakiz bertzeko animalien aurkako indarkeriarik eta zapalkuntzarik gabeko lurra. Taldea dokumentala prestatzen ari da, eta jarri dioten izenak ederki islatzen ditu ekintzaile palestinarren nahiak: Nations of their own. Koranak jasotako bertso bati egiten dio erreferentzia izenburuak. Hegaztiak eta gainerako animaliak nazioak direla dio testuak. Beren buruen jabe izan nahi duten nazioak.

Artikulu hau Nor talde antiespezistak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.