argia.eus
INPRIMATU
Animalien askapena EHUn ikergai
  • Antiespezismoa akademiara hurbiltzeko asmoz zenbait ikertzaile eta ikasleren artean ‘Animalia ikasketa kritikoen EHU/UPVko I. kongresua’ antolatu dute martxoaren 20tik 22ra Leioan. 

Olaia L. Garaialde 2024ko otsailaren 20a
'Gurean' dokumentala proeiktatuko dute kongresuan. Askekintza - Tras los muros

Geu ere animalia lelopean animalien askapenaren inguruan ikertzeko grina, beharra eta premia azpimarratu ditu zenbait ikertzaile eta ikasle antiespezistak. Horregatik, ikerketa antiespezisten inguruko proposamenak jaso, eta Animalia Ikasketa Kritikoen EHU/UPVko I. kongresua antolatu dute martxoaren 20tik 22ra. Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean, Leioan (Bizkaia) izanen da kongresua, aurkeztutako lanek kazetaritzarekin eta ikus-entzunezkoekin harreman estua dutelako. EHUren eta UPF-Centre for Animal Ethics ikerketa zentroaren artean antolatu dute kongresua, eta dagoeneko izena emateko epea zabalik da. 

Antolakuntzako Irene Barañanok esan du xedea dela antiespezismoa unibertsitatera eta akademiara hurbiltzea: “Antiespezismoari ikusgaitasuna eman, antiespezista potentzialei akademiaren munduan militatzeko aukera eskaini eta ikasleak motibatu nahi ditugu ikerketetan gaia aintzat hartzeko”. 

Ikertzaile eta ikasle antiespezista euskaldunak elkar ezagutzeko eta saretzeko beharretik sortu zen kongresua. Izan ere, antolatzaileek elkar ezagutu zutenean konturatu ziren interes akademiko eta pertsonal antzekoak zituztela, eta gizakiz besteko animaliei loturiko ikerketak egiten ari zirela: “Pentsatu genuen ziurrenik unibertsitatean gure antzeko ikertzaile edo ikasle gehiago egongo zirela, baina ez genituela ezagutzen, orain arte ez zegoelako topagunerik”.

Euskara ardatz

Ertz askotatik landuko dute antiespezismoa, eta hala nola jai ereduez, komunikazioa antiespezistaz eta shock moralaz mintzatuko dira. Horretarako, Euskal Herriko zein kanpoko proposamenak jaso dituzte: “Antolakuntza prozesu guztia euskaraz egin dugu, eta kongresu osoa euskaraz ez izan arren, gure helburua euskal mugimendua sustatzea da”. Horregatik, Mikel Torresek, EHUko ikertzaile antiespezistak, emanen dio hasiera kongresuari. Gaian kokatzeko espezismoaz mintzatuko da.