argia.eus
INPRIMATU
Animaliak jostailu espezismoaren desfilean
  • “Goxoki bat!”. Hiru Errege Magoak ailegatu aurretik, hori izan zen Iruñeko karriketako igandeko desfilean gehien entzun zen esaldietako bat: “Goxoki bat!”. Errege Magoen laguntzaile guztiei goxokiak eskatu zizkieten bide bazterrean bat egindako haurrek, haien aurretik pasatu zirenean. Batetik, goxokiak nahi zituzten; bertzetik, Errege Magoak ikusi. “Meltxor, Meltxor!”. Bertzerik ez. Ez zuten bertze apaingarririk behar beren gaua magiko izateko.

Nor talde antiespezista @norantiespezist Edurne Elizondo @edurne_elizondo 2020ko urtarrilaren 07a

Iruñeko Errege Magoen Desfilea elkarteak, baina, gizakiz bertzeko hamaika norbanako erabili eta zapaldu zituen igandean, bertze behin; apaingarri eta objektu bilakatu zituen bere menpe hartutako zaldiak, dromedarioak eta antzarak; sokekin lotu, eta jendetzaren oihuen eta desfileko musikaren artean hara eta hona mugitzera behartu zituen animaliok. Jostailu bilakatu zituzten, espezismoaren desfilean.

Iruñeko Errege Magoen Desfilea elkarteak udalaren babesarekin antolatu zituen igandeko ekinaldiak, ohi bezala. Desfileak izan zuen bertze laguntzailerik, tartean Opus Deiren Nafarroako Klinika Unibertsitarioa, Añezcar Zaldi Kluba, Goñi Moxal Harategiak eta Lacturale. Desfilean, hain zuzen ere, dozenaka norbanako erabili zituzten, tartean zaldiak. Hogeita bat zaldi atera zituzten, zehazki. Lerdea zeriola zegoen haietako bat, Zaragoza etorbidetik pasatu zenean. Desfilea 19:00etan abiatu zen ondoko Santa Catalina ikastetxetik, baina 16:00etarako martxan ziren zaldiak, Errege Magoei Frantziako atarian egindako harreran ere parte hartu baitzuten. Haiekin batera, antolatzaileek adarbakarreko bihurtutako mandoa ere erabili zuten hasierako harreran eta desfilean. Bi haur eseri ziren animaliaren bizkar gainean, eta atzeko hankaren goiko aldean kolorezko paperekin egindako bihotzak itsatsi zizkioten. Irri artean hartu zuten animalia desfilea ikusten ari ziren haur eta guraso anitzek. “Ederra utzi dute!”, oihukatu zuten hainbatek.

Errege Magoek orgen gainean egin zuten desfilea; aurretik erabilitako dromedarioek, hala ere, ez zuten atseden hartzeko aukerarik izan, eta lepo beteta ziren karriketan barrena egin behar izan zuten aurrera desfileak iraun zuen denbora osoan. Karrikan gora eta behera aritu zen antzara talde bat ere. 150 erabili zituzten desfilean, eta haiekin batera, indioilar bat. Antzarek karranka egin zuten bide osoa. “Estresatuko dira!”, erran zuten hainbat ikuslek. Aurrera eta atzera ibili ziren, gainera, etengabe, jendearen eta oihuen ondorioz batera eta bertzera mugituta. Antzaren hagitz bertzelakoa izan zen hiru Errege Magoen ordezkariak gainean zituzten hiru zaldiek egin zuten bidea: burua makurtuta, eta gizakiek markatutako erritmoari jarraituz une oro.

Desfile bateko pieza bilakatu zituzten igandean gizakiz bertzeko animaliak Iruñean; Euskal Herriko bertze hamaika hiri eta herritan ere bai. Jostailu bilakatu zituzten, beren oinarrizko interesak kontuan hartu gabe. Apaingarri huts, Errege Mago espezisten desfilean.