Ekainaren 23an, osteguna, Baionako Zizpa gaztetxean Sebastien Mouret soziologoak, Maire-Christine Fave albaitariak eta Mikel Hiribarren baserritar eta Confederation Paysanneko (ELB barne) idazkari nagusiak aztertuko dute gizakien elikadurarako animaliak hiltzeaz dabilen eztabaida, gurean Mauleko abere hiltegiko irudiak erakutsiz animalien eskubideen aldeko mugimenduak berotu duena.
Ilunabarreko 20:00etan hasiko den debatea antolatu dute ELB sindikatuak, Biharko Lurraren Elkarteak, Idoki etxalde txikien elkarteak, Euskal Herriko Laborantzaren Ganbarak eta AMAP nekazari-kontsumitzaile taldeen elkarteak. Animaliekiko tratu txarrak salatzen dituzten kanpainek etxalde txikietako ahaleginak eta laborantza industrialaren jarduera nahasten dituztela eta, nekazari txikiak aurkitzen dira bi aldeetatik erasotuak, alde batetik animaliarik ez jatea aldarrikatzen dutenak, bestetik lurraldean baserri industrial erraldoi gutxi batzuk baizik ez geratzea nahi duten neoliberalak. Horregatik beren abereen bizitza eta heriotzarekin daukaten harremanaz gogoetatu eta eztabaidatu nahi dute, ekonomiaz bezala ingurumenaz, gizarte ereduaz eta animaliekiko etikaz.
Sebastien Mouret soziologoak aztertuko du animaliei ematen zaien biziaren eta heriotzaren arteko loturaz, hiltzeko zaindu eta hazteaz, harreman horren dimentsio moralaz eta gizarteak gaiaz dauzkan iritzien bilakaeraz.
Marie-Christine Fave albaitariak, nekazari eta herritarrei animaliekiko eguneroko harremanean laguntzen dienak, bere testigantza eskainiko du: jabearen eta animaliaren arteko harremana bizi den denboran, gaixotzen denean, heriotzean –eutanasiaz edo hiltegian–, abeltzain izatea biziarekiko logikarekiko koherentzian, hirietako etxeetako animalien papera…
Mikel Hiribarren abeltzain eta militantea mintzatuko da etxaldeko animaliekin daukan loturaz eta Confederation Paysannek animalien bizi eta heriotza duinaz egindako gogoetaz.