argia.eus
INPRIMATU
Animaliak, abereak eta azienda
  • Etorkizuneko nekazaritza lehengora bueltatzean datza. Buelta aipatzen den guztietan bezala, tamaina hartu behar zaio. Nekazaritza oinarrizko kultura den neurrian, kulturaren arazoen eran konpondu behar ditugu nekazaritzarenak ere. Konpontze bideak hiru eratakoak dira: heredatuak edo jarauntsiak, batetik eta bestetik hartuak eta asmatuak. Edozein dela bidea, hartu aurretik hautatu egin behar da. Hautatze horretan datza kultura guztiek duten erresistentzia punttua, komeni ez den eta hautatzen ez den horri buru egiteko osagaia. Jarauntsia, hartua edo asmatua, bertoko kulturara egokitu egin behar da. Hautatze eta egokitze horietan dago gakoa. Asmatu asmatu, benetan hor asmatu behar da. Horren ondorio nabarmenenak nekazaritzak guri, pertsona eta jende bezala eman digun aurreratzeko gaitasuna –kalitatezko elikadura, elikagaien segurtamena, kultura janzteko aukera...– eta gure ingurumenari erantsi dizkion balioak dira –paisaia kulturala, kalitatezko ingurumena, apartekoa, bertokoa eta egokitutakoa...–.

Jakoba Errekondo 2020ko urriaren 25

Horiek denak kontuan izanda, nolako etorkizuna nahi dugun, kontuak atera behar ditugu. Nolako ingurumen, paisaia, elikadura, bizitza kalitatea eta kultura nahi ditugu? Hortik, etorkizuneko nekazaritza lehengora bueltatzean datza.

Gero eta argiago dakigu nekazaritzaren aukera bakarra jango ditugun landareen hazkuntzatik eta, jan edo ez, haientzako behar ditugun animalien hazkuntzatik datorrela. Animaliak behar ditugu lurrari bizitza emateko. Eta lur bizirik gabe jai dugu. Nekazaritza kimikoak lurra hiltzen du, eta atzetik datoz hidroponia, aquaponia eta -ponia atzizkia duten landaregintza guztiak; gu gaixotzen eta hiltzen gaituztenak.

Animalia izan, abere edo azienda izan, lurra lantzen dugun tokian bere premia dugu. Berak sortzen du gure lurrari bizi ederrena ematen dion lehengaia: gorotza. Gorotza izango da ongarri edo ongailu. Lurrean elikagai osasuntsuen oinarria osatuko duena. Oinarri horrek bioaniztasuna dakar, horra osasunaren giltza.

Animalia larrean ikusten duzu eta bejondeiola larre horri. Larre aberatsa bezalakorik ba al da? Belazeari begiratu eta landare ugaritasuna ikustea ederra da. Onena, hala ere, urte osoan belardi berean gertatzen den belar eta landare hurrenkera da. Bat hozitzen, hazten eta hostatzen, bestea loratzen, hurrengoa hazia heltzen, haruntzaxeagokoa haziak haizeari zintzilikatzen eta josten… Horrela urte osoan.

Eta animaliak? Larrea aberatsa bada animaliatik ez da faltako, batak bestea jaten eta hurrengoaren jaten. Gure etxe bueltako larreetan, belarretan bertan bele, birigarro, zozo, eskinoso, urubi, zata, okil berde, argioilar eta abar luze bat aritzen da mokoka eta atzaparka. Bazkatzen baita behikundea eta ardi jendea ere. Eta azken horien gainean mikak eta lertsunak. Mika bat maiz ikusten dut ardien bizkarrean, artile artean mokoka: bakastak edo akainak jaten omen dituzte. Idiaren adar artean ere ibiltzen da, eulitan noski. Lertsuntxo zuria ere behi eta urruxen bueltan ibiltzen da, haien aurpegiko euliak harrapatuz, muturrak belar artetik uxatzen dituen eta haien bekorotzetara hurbiltzen den intsektu saldoa miatzen. Baita bizkarrean eta zerran ere, batez ere etzanda dagoenean; muinotxotik hobeto ehizatzeko... Era berean behikundea zaintzen du: lertsuntxo itzaina esaten zaio.