argia.eus
INPRIMATU
Angula ustelak
  • Ainhoa eta Inakik 40 miliun euro ordaindu beharko dituztela entzuna ginuen angula ustel ixtorio zerbaitengatik. Hainbeste diru pagatu behar izateko zer nolako kaltea egin ote dute Hego Aldeko euskaldun hautetsi hauek.

Mikel Hiribarren @syndicatELB 2018ko uztailaren 12a

Gipuzkoan iragaiten da auzia. Hirigune eta fabrikategi haundiez nasaia izanez eskualde hori, eztabaida gorria dute aspaldixkoan ondarkinen desegitearekin. Badakigu Hegoalde hortan gauzak ez dituztela beti erdizka egiten, eta Donostia aldean erraustegi haundiegiaren proiektoa asmoetan aitzina zoan. 2013an, Gipuzkoako gidaritza ezker aber-tzaleek harturik, hautetsi gazte eta ausartek ez dela erraustegirik eginen Donostian deliberatu zuten. Ingurumen saileko diputatua orduan Inaki Errazki eta  ondarkinen sailaren arduraduna Ainhoa Intxaurrandieta.

Badirela ondarkinen desegiteko alternatibak ederki zabaldua dituzte ideiak eta moldeak Zero Zabor bezalako elkarteek. Usurbil ala Hernani, berdin hogoi mila bizitzale duten Gipuzkoako hiri askotan, ondarkin berexketak sekulako jauzi sendoa egin du hamar urtetan. Ahal den guzia birziklatu, eta ez erosi osoki birziklatzen ez denik. Berex eta bil, bil eta erabil. Nor berak bere etxean indar berezia egin behar zuela baietz. Eta botere publikoak araberako ondarkin bilketak antolatu behar zituela prefosta.

Aintzindari abiatua zen beraz Gipuzkoa inguramenaren zaintzeko sail horietan, Kataluniako edo Italiako beste herrialde batzu bezala. Desegiten ez den ondarkinik gutien gutiena, erosteko moldea bestelakoa, jateko moldeak ere sendoagotik eta hurbilagotik…

Azken bozkaldietan itzuli dira berriz giderretarat eskuineko euskaldunak. Eta hauek portuko ateak zabaldu dizkiote berriz liberalismoaren uhainari. Erraustegiaren proiektua jo ta ke martxan ezarri dute Donostiako Zubietan. Eta auzitarat jaulkiko dituzte Inaki eta Ainhoa, erraustegiaren gibeltzapenaren kalte ordainak paga ditzaten.

Erraustegiak munstro batzu dira. Beren ke eta errautsekin inguruko bizitzaleen osagarria arriskutan ezartzen dute, frogak badaude nunahi. Gainera, zernahi irentsi behar dute egunero erraustegiek, beraz kontsumo itsu eta nasaiaren ixurian segitzerat behartzen dute jendarte guzia zenbait hamar eta hogoi urterentzat, batzuen probetxu eta gehienak menpeko.

Botere ekonomikoa daukatenek beren esku gehienetan botere politikoa, zuzenka ala zeiharka. Beti pentsamolde berdintsua: enpresak ongi hazten badira, lana baditake herritarrentzat, eta goiz ala berant diru lankarra jautsiko zaio jendarte guziari burutik behera.

Angula ustelak deitu dute naski Ainhoak eta Inakik badabilaten hitzaldi itzulia Euskal Herrian gaindi, salatzeko hemen  ere botere ekonomikoa daukatenek beren abantaila bakarrean baliatzen dutela botere politikoa, guzien interes orokorraren ordez.