argia.eus
INPRIMATU
Angelun bizikletaz ibiltzeko bide seguruak eskatu ditu Bizi Mugimenduak
  • Eguneroko joan-etorrietarako bizikleta garraio erabiliagoa izatea aldarrikatu dute, kutsadurari aurre egiteko. Ehunka txirrindularik bizikleta martxan Angeluko auzapezari eta Mugikortasunen Sindikatuko lehendakariari neurriak hartzeko eskatu diete.

ARGIA @argia 2021eko irailaren 27a
Angelun egindako ekintza sinbolikoa. Argazkia: Bizi Mugimendua.

Thibaut Godin Bizi Mugimenduko bozeramaileak hala adierazi du: "Izugarrizko tartea bada Angeluko hiriak bizikletaz egiten duen komunikazioaren eta bizikletaren aldeko antolaketaren errealitatearen artean, batez ere Ingurumen Kodearen L.228-2 artikulua urratzen duten atalak goraipatzeko orduan". Mugimenduko kideek azpimarratu dute kostaldea bizigarriagoa izan dadin eta airearen kalitatea hobetu dadin beharrezkoa dela berotegi efektuko gasen isurketak murriztea. Garraioa euskal kostaldeko emisio iturri nagusiena da eta Ipar Euskal Herrian bigarrena.

Bizik jakinarazi duen datuaren arabera, Baiona- Angelu-Biarritz eremuan egunero autoz egiten diren joan-etorrien %40 baino gehiago hiru kilometro baino gutxiagoko desplazamenduak dira.

Manifestazioaren bukaeran, Camille Normandin Biziko kidea Claude Olive Angeluko auzapezari eta Jean-Francois Irigoyen Mugikortasun Sindikatuko lehendakariari zuzendu zaie: “Elkarteekin batera lan egitea proposatzen diegu, teknikoki nola egiten den pentsatzeko zonalde guzi hau segurua eta praktikagarria bilakarazteko joan etorrientzat bizikleta beren garraio molde nagusia bihurtu nahi duten eguneroko txirrindulari guztientzat".

Irailaren 25ean Frantziako Estatuko 24 hiritan milaka txirrindulari atera dira kalera garraio politika jasangarriagoak eskatzeko.