argia.eus
INPRIMATU
Angeluko kostan erdibitu den zamaontziak ez duela erregairik isuri jakinarazi dute
  • 'Luno' kargaontzia erdibitu egin da gaur goizean Angelun, Baionako porturantz zihoanean. Kargarik eraman ez arren kezka sortu da 127 metro kubo erregai zeramatzalako. Ez dela itsasora isuri jakinarazi dute.

ARGIA @argia 2014ko otsailaren 05a

Zuzeneko irudiak:

Kutsadura arriskua

"Kutsadura arriskua benetakoa da. Ez hurbildu kostaldera", idatzi du Jean Espilondo Angeluko auzapezak Twitterren istripua gertatu eta berehala.

Ontziak isurketaren bat egingo ote zuen kezka sortu da Lapurdiko kostaldeko herrian baina ordu batzuk geroago Espilondok jakinarazi du erregai gehiena ontziaren barruan geratu dela. Prefetak azaldu duenez, 24 orduz segurtasun eremua edukiko dute ontziaren inguruan.

Angeluko Barre hondartzaren parean hautsi da kargaontzia. Murueta ontziola bizkaitarrak egin zuen 1994. urtean, EITBk azaldu duenez. Bilboko Portutik atera da goizean.

Lurreko Polmar plana martxan

Pirinio Atlantikoetako prefetak "lurreko" Polmar plana jarri du abian Le Monden irakur daitekeenez. Plan horrek hondartzetako kutsadura saihestea du helburu. Egunkari frantziarraren webgunean irakur daitekeenez, "itsasoko" Polmar plana ez dago abian.

Kutsaduraren kontrako taldeek hondartzara iristeko zailtasunak izan dituzte jende pilaketak eraginda. Espilondok adierazi duenez, ingurua itxi egingo dute garbiketa lanak azkartze aldera.

Tripulazioa, salbu

Hamabi bat lagun zihoazen ontzian eta denak ateratzea lortu dute salbamendu ekipoek. Bi lagunek zauri arinak dituzte France 3 Euskal Herriren arabera.

Luno zamaontziaren fitxa (Iturria: @Berria)