argia.eus
INPRIMATU
Angeluko hilketa matxista gaitzetsi dute Bidasoako M8 Asanblada Feministak eta Oneka emakume pentsionisten plataformak
  • Hilketa asteazkenean jazo zen. Osasun larrialdiak mobilizazioak egitea eragozten duenez, gaitzespena idatzi bidez azalarazi dute M8 Asanblada Feministak eta Oneka emakume pentsionisten plataformak.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 07a
Argazkia: Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxa

Asteazken arratsaldean aurkitu zituzten adineko senar-emaztea hilik Angelun. Jérôme Bourrier Baionako fiskalak ikerketa abiatu zuen, eta hipotesi nagusiaren arabera gizonak tiroz hil zuen emaztea, suhiltzaileei deitu zien ostean, eta bere buruaz beste egiten amaitu zuen.

Konfinamendua tarteko elkarretaratzerik egin ezin daitekeenez, idatzi bidez adierazi dute beren gaitzespena Bidasoako M8 Asanblada Feministak eta Oneka emakume pentsionisten plataformak.

Onekak salatu du konfinamenduak emakume asko zigortu egiten dituela, beren erasotzaileekin itxita egotera behartuz. Horrez gain, azpimarratu du emakume adineko izatea “genero indarkeria sufritzeko goi mailako arrisku faktorea” dela, eta indarkeria hori ikusezin eta iraunkor izan ohi dela.

Bere aldetik, M8 Asanblada Feministak ere konfinamenduak emakume asko are egoera zaurgarriagora bultzatu dituela adierazi du. Egoera horren aurrean, adierazi dute behar diren bitarteko guztiak jarri behar direla indarkeria jasaten edo jasateko arriskuan dauden emakumeei babesa eta laguntza emateko.

Urteko laugarren hilketa matxista

Angelukoa urteko laugarren hilketa matxista da.

Martxoaren 11n Miren Uranga eta Paola Mendez ama-alabak hil zituen gizon batek Abanton (Bizkaia). Gizona hildakoen senarra eta aita zen.

Martxoaren 16an jazo zen hirugarren hilketa matxista, Soraluzen (Gipuzkoa). 33 urteko gizonak bere 73 urteko ama hil zuen.