Euskal-Kosta Aturriko hiriguneko batzarrean Angeluko hautetsiak Hiri Elkargoaren kontra bozkatu ostean, Angeluko herri kontseiluak kontrako jarrera berretsi du 34 boto kontra, lau alde eta abstentzio batekin. Asteazkenean Elkargoaren alde bozkatu zuten Baionan. Miarritzek hilaren 19an bozkatuko du.
Hiri Elkargoak Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoako 158 herri bilduko dituen departamendu mailako erakunde bat eratzea du helburu. Herri Elkargoa, beste hainbat saiakera bezala, Euskal Departamenduaren aldarrikapenetik dator eta Euskal herriari marko instituzional bat ematea du helburu. (Mikel Asurmendik azaldu zuen prozesua ARGIAko 2478 zenbakian)
Euskal Kosta-Aturri hiriguneko bileraren ostean argi geratu zen Elkargoaren kontrako jarrera. Guy Lafite Miarritzeko auzapezak, Marie-José Espiaube Bokaleko hautetsiak, Jacques Veunac Angeluko hautetsiak eta Marc Bérardek Bidarteko hautetsiak proposamenaren kontra bozkatu zuten eta hirigunearen lehendakari eta Baionako auzapez Jean-Rene Etchegarayk soilik bozkatu zuen alde. Hilean behin egiten duten batzarrean bozkatutakoa ez da erabakigarria, baina eragina izan dezake prozesuan.
Angelun kontra bozkatu duten hautetsiek hiri elkargo horren “azterketa seriorik” ez egotea eta Elkargoak erakundeei ekarriko dien “esfortzu fiskala” argi ez egotea kritikatu dute. Gaineratu dute Iparraldeko hirien osaketak urteak behar izan zituela, eta orain denak bilduko dituen bat hilabete batzuetan osatu nahi dutela.