Angela Merkel Alemaniako egungo kantzilerrak botoen %41,5 lortu du. Bundestag-ean gehiengo osoa lortzeko beharrezko 299 eserlekuetatik bosten faltan geratu da Merkel buru duen CDU-CSU koalizioa.
1990ean Alemaniaren batasunarekin egindako bozetan alderdi demokristauak irabazi zuenetik lortutako emaitzarik onenak dira 2013koak. Duela lau urteko hauteskundeetan botoen %33,8 lortuta izandako garaipena ere gainditu dute. Ez du, baina, gehiengo osoa lortu, eta koalizioa egin beharko du gobernua osatzeko.
Peer Steinbrück-en SPD alderdi sozialdemokratarekin bat egitea da aukera bat. Azken bozetako emaitzak (%23) pixka bat hobetu ditu aurtengoan, %25,7 lortuta, eta 2005-2009 legealdian elkarrekin agindu zuten gobernuan.
Beherakada nabarituz, baina 76 eta 68 eserleku lortu dituzte Die Linke-k eta Berdeek, hurrenez hurren.
FDP alderdi liberalak berriz, bozen %4,8 lortuta ez du eserlekurik izango Alemaniako Parlamentuan, eta Merkelek ezin izango du egungo sozioarekin jarraitu.
AFD Alemaniarentzako Alternatiba eta Piraten alderdia ere Bundestagetik kanpo geratu dira.