"Palestinako preso politikoak babesten ditut, babesten ditudan bezala egungo Euskal Herriko preso politikoak, Kataluniakoak, Indiakoak eta munduko beste hainbat lekutakoak", adierazi du, New York Timesen irakur daitekeenez.
Angela Davisek adierazi du zur eta lur utzi dutela jaioterrian (Birmingham, Alabama, AEB). Orain hilabete batzuk jakinarazi zioten giza eskubideekin loturiko sari bat eman behar ziola Birminghamgo Eskubide Zibilen Institutuak. Israeli buruz duen iritziagatik, ordea, azkenean ez diotela saria emango jakinarazi berri diote orain bi ostiral. Egun horretarako lotuta zuen hitzaldia ere bertan behera utzi diote.
Hasiera batean ez zuten azaldu Institituko kideek zergatik egiten zuten atzera. Hau da oharrean ziotean: "Zoritxarrez, ez ditu betetzen sariaren oinarri diren baldintza guztiak".
Davisek Facebooken argitaratutako adierazpen batean dio, badakiela "Palestinan justiziaren alde luzaroan erakutsi duen babesagatik" dela. Saria horregatik atzera botatzea bereziki salatu du:
"Erabat lekuz kanpokoa da, kontutan hartuta nazioarteko mugimendu handi batek ziurtatu zuela nire askatasuna –baita nire bizitza salbatu ere. Nire aktibismoaren parte handi bat eman diot nazioarteko elkartasunari, eta bereziki, munduko beste lekuetako gatazkak poliziaren gehiegikerien aurkako AEBetako herri mugimenduekin lotzen, kartzela industria konplexuarekin, eta zabalago hartuta, arrazismoarekin".
Handik egun batzuetara, Birminghamgo alkate Randall Woodfinek aitortu du kexak izan zituztela "bertako komunitate juduaren eta zenbait aliaturen partetik".
Polemika honen erdian egin ditu Davisek Palestinako, Euskal Herriko, Kataluniako eta Indiako preso politikoekiko elkartasun hitzak. Hauxe esan duena hitzez hitz:
"Palestinako preso politikoak babesten ditut, babesten ditudan bezala Euskal Herriko preso politikoak, Kataluniakoak, Indiakoak eta munduko beste hainbat lekutakoak. Israelgo estatuaren politika eta praktika ugariri aurkakotasuna erakutsi diet, eta gauza bera egiten dut Palestinaren okupazio israeldarrari AEBek ematen dioten babesarekin, baita AEBetako beste hainbat lege diskriminatzailerekin ere".