argia.eus
INPRIMATU
Angela Davisek eta Naomi Kleinek hitzaldi birtuala eskainiko dute
  • Hitzaldia AEBetako The Rising Majority koalizioak antolatu du. Koronabirusaren hedapenak eragindako krisiaren gainean analisi feminista eta antikapitalista egingo dute Naomi Klein eta Angela Davisek.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 02a

Koronabirusak eragindako krisiak agerian utzi ditu sistema kapitalistaren barrenak, eta horiei erreparatuko die Angela Davisek eta Naomi Kleinek bideo konferentzia bidez. Hitzaldia AEBetako ordutegia jarraituz gero, apirilaren 2an egingo da, arratsaldeko 19:00etan; Euskal Herrian apirilaren 3ko goizaldeko 01:00ak izango dira hitzaldia egingo den unean.

Movement building in the time of the coronavirus crisis. A left feminist perspective on 21st century radical capitalism in this moment (Mugimenduaren eraikuntza koronabirusaren krisian. XXI. mendeko kapitalismo erradikalari begirada feminismo ezkertiarretik) du goiburu hitzaldiak, eta izenburuak berak aditzera ematen duenez, saioaren asmoa da koronabirusak eragindako krisiak ageriko bilakatu dituen sistema kapitalistaren hutsei erreparatu eta horien gainean jardutea.

The Rising Majorityko Barbara Ransbyk portside.org atarian aurreratu du hitzaldiaren abiapuntua. Koronabirusa tarteko egonik bizi dugun egoeraren aurrean denak batera gaudenaren ideia zabaldu dela dio, eta hori ez dela guztiz egia; birusaren agerpenak denok bilakatu gaituela zaurgarri, baina ez maila berean. “Izatez, krisia gertatu aurretik existitzen ziren desberdintasun, pribilegio eta egiturak berak ari dira ageriko egiten krisiaren baitan. XXI. mendeko injustiziak ikusgarri bilakatu dira (…) kapitalismoaren azpiegituraren hutsak era mingarrian egin dira ageriko”, azaldu du. Eta gehitu du testuinguru horretan ere, milaka pertsonen biziak arriskuan egon arren, lehia eta espekulazioa beren horretan mantentzen direla. Hala bada, errealitate horri ikuspegi feminista eta antikapitalistatik helduko diote Davis eta Kleinek.

Izena-emateko aukera zabalik

Saioak jakinmina piztu du publikoaren artean, deialdia publiko egin osteko 24 orduetan milaka pertsonaren izen-ematea jaso baitzuten antolatzaileek. Oraindik zabalik dago izena emateko aukera, lotura honetan.

Hitzaldiaren antolatzailea The Rising Majority da, 50 elkartetik gora biltzen dituen AEBetako koalizioa. 2016an sortu zuten, Donald Trumpek presidentzia irabazi ostean. Beren helburua da “ezker antiarrazista eraikitzea demokrazia erradikalera bidean”. Koalizioko zenbait kidek ere parte hartuko dute Klein eta Davisekin batera.