Bilboko Bidebarrieta liburutegian izan da otsailaren 5ean Angela Davis ekintzaile afro-amerikarra Gite-Ipes Gizarte Ikerketarako Talde Eragileak antolatutako “Kartzela kalera! Emakumea eta kartzela” jardunaldien baitan. Gai horretatik abiatuta, terrorismoa, kapitalismoa, arraza zein beste zenbait kontu izan ditu hizpide. Arnaldo Otegi eta gainerako preso politikoekiko elkartasuna adieraziz hasi du hitz-hartzea.
“Denok dugu ezagunen bat barruan”, kartzelako bizipena baina ez da berdina guztientzat. Emakumeek gainerako presoek jasaten duten errepresioaz gain tratu txarrak eta sexu erasoak pairatu behar dituztela azaldu du: “Gobernuek sexu jazarpenak egiten dituzte”. Estatua subjektu bihurtu eta erasotzaile papera esleitzea garrantzitsua dela dio, “harremanetan daude biolentzia estatala eta intimoa, pertsonala eta publikoa”. Kartzeletan perspektiba feminista txertatzeak emakumeen bizipenak ulertzera garamatzala azpimarratu du ekintzaileak: “Biolentziaren kapak eransten ez baditugu, zail izango da askatasunerako gakoak bilatzen”.
Terrorismoan, ideologiak duen funtzioa preso politikoen aurka erabili dutela ulertzea funtsezkoa dela azaldu du Davisek: “Gobernuek, terrorismoa terminoa eurek nahieran erabili dute, horrela, borroka zilegiak kriminalizatu eta ezabatu ahal izateko”. Ekintzaile feministak uste du egin beharrekoa estatu-terrorismoa bistaratzea dela. Kriminalizazioaren eta presio polizialaren bitartez, borroka berrietan diharduten gazteak beldurtu nahian ari direla azaldu du, baina kontrako efektua lortzen ari dira.
Kartzelak eta poliziaren militarizazioa
Amerikako Estatu Batuek sortu zituzten kartzelak demokrazia burgesaren oinarrizko instituzio bezala; pertsonei eskubideak kentzean datza zigorrak, azaldu du. Dena den, zigor demokratiko batean, eskubideak aitortuak izan behar dira ukatuak izan ahal izateko, eta hori eliteen demokrazia batean bakarrik gertatzen da.
Davisek azaldu du, pertsonak damutzeko eta hobetzeko sortu zirela kartzelak, baina emakumeei ez zitzaien horretarako aukerarik ematen, “biologiaren” aurka joateak ez baitzuen atzera bueltarik: “Emakumeei zerbitzari hobeak izaten erakusten zieten kartzeletan eta ez pertsona hobeak izaten”.
“Kartzelaratze masiboa” gertatu da Amerikako Estatu Batuetan: munduko emakume presoen herena bertan dago preso. Arazo hau, AEBetan kontu jakina dela azaldu du ekintzaile afro-amerikarrak, Donald Trump bera ere ohartzen dela, gaineratuta modu ironikoarekin eta broma tonuan: “Arazoa da pertsona horiek ez direla ohartzen neoliberalismoak sortzen duen kartzela-biolentzia estrukturala, arrazista eta estatala dela”.
Biolentzia horren beste biktima batzuk ere aipatu ditu Davisek: transgeneroak hain zuzen ere. “Trataera are bortitzagoa ematen zaie preso transexualei, eta zer esanik ez, emakume transexual beltzei”, azaldu du. Kartzeletan ere zurrunki ezarria dago genero binarismoa, emakumeentzako kartzelak eta gizonezkoentzako kartzelak: “Feminismoaren ekarpen handienak bazterretatik etortzen dira maiz, eta hala gertatzen da kartzelen izkinekin ere; bertan argi ikusten dira kapitalismoaren eta hiritartasunaren porrota”.
Kartzelak abolitzeaz
Bost pertsonatatik bat dago Estatu Batuetan kontrol korrekzionalarekin. Gehienak atzerritarrak dira, eta arrazak guztiz baldintzatzen du kartzelaratze prozesua: “Bere eredua mundu osora esportatzen duen kartzela da AEB”. Ekintzaile afro-amerikarrak badaki ez dagoela konponbide errazik, baina uste du presoak askatze hutsetik haratago joatea garrantzitsua dela: “Abolizioaren aldeko ikuspuntuek konponbideak eskaintzen dizkigute eta ez uneko arazoetatik ihesteko soluzioak soilik”. Azpimarratu du, planteamendu honek, ezinbestean, antikapitalista, antiarrazista eta feminista izan behar duela: “Justizia modu berriak ikusarazi behar ditugu, biolentzia eta mina sortu ordez, gizarte enpatiko eta biolentzia gutxiagokoa eraikitzeko. Atzean utzi behar ditugu ezagutzen ditugun kartzela formatuak eta indar polizialak”.
Hitzaldia hasitako modu berean bukatu du Davisek, elkartasun adierazpenekin: “Euskal preso politikoengatik, demokrazia erradikalagatik eta sozialismoarengatik”.