AEBetan emakumeen eta beltzen aldeko mugimenduan urte luzez borrokan dabilen emakume afroamerikarra da Angela Davis. Elkarrizketa egin diote TeleSur telebista katearen webgunean, eta adierazpen garrantzitsuenak euskarara ekarri ditugu.
“Feminismo beltzaren hastapenetan, emakume beltzei galdegiten genien zer zen haientzat garrantzitsuagoa, beltzen mugimendua edo emakumeen mugimendua. Erantzuna: hori galdera okerra zela”. Galdera zuzena, bi mugimenduen arteko loturak ulertzean zetzala azaldu du Davisek.
Black power mugimenduko aurpegi ezagunenetakoa ere izan zen Davis. Garai hartan eskubide zibilen aldeko lanean jardun zuen Pantera Beltzen Alderdian.
Dioenez, 70eko hamarkadan bezain garrantzitsuak dira egun alderdiak zituen borroka ildoak. Pertsona beltzak hierarkia ekonomiko, sozial eta politikoetan sartu arren, kartzelako, hezkuntzako eta ekonomia alorreko arrazakeria garai haietan baino jende gehiagok jasaten dutela dio.
Indibidualismo kapitalistaren aurkako borroka
Kapitalismoaren indibidualismoa aintzat hartzen ez bada, “borroka aurrerakoiak” hondamendira bideratuta daudela dio Davisek. “Ezinbestekoa da norbanako heroien historia kontatzeari uztea, gero eta zabalagoa den borroka komunitatean duen potentzialaz jabetu dadin jendea”.
Palestinaren aldeko borrokan buru-belarri dabil. Beharrezkotzat ikusten du erakunde eta mugimendu aurrerakoi guztiak Palestinarekin konprometitzea, “apartheidaren aurkako borroka munduko herri orok babestu zuen modura”. Kartzelarik gabeko gizartearen aldeko mugimenduan ere izan du zer esana Davisek.