argia.eus
INPRIMATU
'Osasuna auzia'
Vizcay eta Archancorentzat, zortzi eta zazpi urteko espetxe zigorrak
  • 'Osasuna auziarekin' lotutako bederatzi lagun zigortu dituzte orotara, eta horien artean Angel Vizcay, Osasunako gerente ohia, izan da  zigorrik handiena jaso duena. Miguel Archanco Osasunako presidente ohia eta haren zuzendaritza batzordeko kide izan ziren Juan Antonio Pascual eta Sancho Bandres ere zigortu dituzte.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 24a
Vizcay, artxiboko irudi batean / EITB

Bi partidaren emaitzak adosteagatik abiatutako "Osasuna auziaren" epaia gaur atera du Nafarroako Auzitegiak. Kondenatuetako bi Betis taldeko jokalari ohiak dira (Antonio Amaya eta Xabier Torres), eta beste bi higiezinen sektoreko agenteak (Cristina Valencia eta Albert Nolla). Espainiako Estatuan, hau da kirolarekin lotutako ustelkeria kasu bat zigortzen den lehenbiziko aldia, Jon Rivas kazetariak nabarmendu duen bezala El País egunkarian.

Diego Maquírriain Osasuna fundazioko gerente ohia eta Jordi Figueras jokalaria absolbitu egin ditu Auzitegiak.

Archanco eta Peraltari, zazpina urte

Vizcayri, zehazki, zortzi urte eta zortzi hilabateko kartzela-zigorra ezarri dio Auzitegiak.

Archanco eta Peraltari zazpi urteko zigorra ezarri die, Pascuali sei eta Bandresi bost urtekoa. 

Amaya eta Torresi urtebeteko kartzela zigorra ezarri die; eta Valencia eta Nollari bederatzi hilabetekoa.

Bidegabeko jabetzea eta dokumentuak faltsutzea

Urtarrilaren 20an abiatu zen 'Osasuna auziko' epaiketa, Nafarroako Auzitegiko 2. aretoan. Fiskaltzak 3 eta 14 urte arteko espetxe zigorra eskatzen zituen hamaika auzipetuentzat, ustez bi partidaren emaitzak adosteagatik; eta Osasunako kargudun ohien kasuan, delitu horri gehitu behar zaizkio bidegabeko jabetzea eta dokumentuak faltsutzea.

Zehazki, 2013-14 denboraldiko bi partida daude jopuntuan: Betis-Valladolid eta Osasuna-Betis. Ustez, Osasunak 650.000 euro ordaindu zizkien Betiseko hiru jokalari ohiri –Antonio Amaya, Jordi Figueras eta Xavier Torresi–. 400.000 euro Betisek Valladolid garaitu zezan, eta Betisek Osasunaren aurka gal zezan.

 

>>> 'Osasuna auziaren' kronologia, 2015eko otsailetik hasita.