argia.eus
INPRIMATU
Angel Toña sailburuarentzat ere atzerrira joatea da gazteek duten aukera onena
  • Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietarako sailburuak martitzenean Adegiko presidente Pello Guibelalderen adierazpenak “bidegabetzat” jo ostean, atzerrira joatea gazteentzat “ona” dela esan du.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2015eko urriaren 12a
Gazteria eta enpleguaren inguruko hitzaldi batean egin ditu adierazpenok Toñak.

Deustuko Unibertsitatean gazteria eta enpleguaren inguruko hitzaldi batean ikasleek euren kezkak agertu ostean egin ditu adierazpenak Toñak barikuan. Gazteek “txipa” aldatu behar dutela uste du: “Gurasoengandik hurbil bizi behar dugula uste dugu, baina zoriontasuna leku askotan dago, ez bakarrik etxetik gertu”.

Sailburuaren esanetan atzerrira joatea “ona” bada, “are hobea” da ondoren  Euskal Herrira itzultzea. “Gurasoek dirua badute master bat egitera joan zaitezke, bestela platerak garbitzera”, adierazi du Toñak.

Gauzak desberdin etorkizunean

Atzerrira joateko eskatzeaz gain, Toñak seme-alabak izateko dei egin die gazteei, nahiz eta gero onartu duen 800 euroko soldatekin ezin dela “bizitzarako proiekturik” egin, eta 1.500 eurokin bikote batek ezin duela seme-alabarik izan Bilbon.  Lanegun osoagatik 1.000 eurotik beherako soldata jasotzea “iraingarria” dela gaineratu du.

Toñaren esanetan gazteek ez dute lan finkorik izango enpresa bakarrean “euren gurasoak bezala”. Hala ere, iritzi du lanpostu ezberdinak izatea “bizitasun eta hazkunde pertsonalaren sintomak” direla. Ekitaldian zeuden gazteek adierazi diote euren diru sarrerak ez direla nahikoa oinarrizko beharrak asetzeko. Toñak erantzun die “oro har” euskaldunak “ondo” bizi direla.