argia.eus
INPRIMATU
Angel Berrueta omendu eta hogei urteren ostean aitortza ofizialik gabe jarraitzen duela salatu dute
  • Hogei urte bete dira ETA ez zion kartel bat jarri nahi ez zuelako Angel Berrueta hil zutenetik Espainiako polizia batek eta bere semeak. Iruñeko Donibane auzoan Berrueta omendu dute, eta justizia eta erreparazioa eskatu dituzte.

     

Olaia L. Garaialde 2024ko martxoaren 14a

Ehunka auzokide elkartu dira asteazkenean Iruñeko Donibane auzoko Martin Azpilikueta kalearen erdialdean; Angel Berruetak okindegia zuen lekuan. Hogei urte bete dira Berrueta hil zutenetik, eta urtero bezala, martxoaren 13an, Berroeta omendu dute,eta aitortza, justizia eta erreparazioa eskatu dituzte. “Ez dugu deus berririk esateko. Lehen urteurrenean bezala jarraitzen dugu. Hogei urtez eskatu dugun aitortza ez da oraindik iritsi", salatu du Aitziber Berrueta alabak. Horrez gain, Kontxi Sanchiz izan dute gogoan. Berruetaren hilketa salatzeko Hernanin egindako manifestazio batean bihotzekoak jota hil zen Ertzaintzaren oldarraldiaren ondorioz. 

2004. urteko matxoaren 11ko atentatuen ostean, PPren gobernuak zabaldu zuen ETA zegoela atentatuen atzean. Tesi hura ezeztatzen zuten datuak eskura izan arren, orduko Espainiako Gobernuak gogor eutsi zion bere estrategia politikoari. Martxoaren 13an, Maria Pilar Rubiok ETA ez zioen kartel bat jarri nahi izan zuen Berruetaren okindegian, baina Berruetak uko egin zioenez, etxera itzuli, eta senarrari eta semeari kontatu zien gertatutakoa. Ostean, Valeriano de la Peña poliziak eta haren semeak tiroz eta labankadaz hil zuten Berrueta. 

Urtero bezala, lore sorten artean eta joaldunez, dantzariz, familiaz eta bizilagunez inguratuta omendu dute Berrueta. Bertan izan dira Mari Carmen Mañas Berruetaren alarguna, haren seme-alabak eta Sanchizen senideak. Iruñeko Udalaren izenean, Joseba Asiron alkatea eta Garbiñe Bueno EH Bilduko zinegotzia egon dira. Ahotsak bideo bidez jaso du omenaldia.

“Axolagabekeria” eta “zigorrik eza”

Egiari Zor fundazioko Ainara Gorostiagak nabarmendu du “inork” ez duela erantzukizunik hartu M-11ren bertsio ofizial “gezurtiaren” aurrean: “Euskal gatazkaren testuinguruan gertatu ziren giza eskubideen urraketaren harira bereizketarik eta salbuespenik gabe guztiek dute egia, justizia, aitortza eta erreparazioa izateko eskubidea”.

Angel Gogoan plataformako kideek justizia lortzeko eta Berrueta gogoan izateko egindako lana nabarmendu dute: “Axolagabekeriari eta zigorrik ezari aurre egin diogu, eta ahotsa altxatu dugu indarkeria instituzionalaren eta haren heriotza erraztu zuten hedabideen eraginaren aurka”.