argia.eus
INPRIMATU
Angel Berrueta gogoratzeko elkartasun omenaldia izanen da astelehen honetan Iruñean
  • Madrilen izan ziren atentatuen ingurumarian hil zuten polizia batek eta haren semeak, Iruñeko Donibane auzoko bere okindegian lanean ari zela, M-11-ko atentatua gaitzesteko kartela jarri nahi ez zuelako. 

Euskalerria irratia @fm983irratia 2017ko martxoaren 13a
Angel Berrueta duela 13 urte hil zuten Iruñean.

Elkartasun kutsua izanen du gaur eginen den omenaldiak. Urteotan guztiotan bizilagunen, auzokideen, senideen eta herritarren babesa izan du Berruetaren familiak Leire Martinezek Euskalerria irratian gogorarazi duen moduan: "Inoiz baino gehiago aurten elkartasun horri eginen diogu keinu omenaldian".  20:00etan Donibane auzoko Martin Azpilikueta kalean izango da.

Egia, justizia eta erreparazioa

Hamahiru urte daramatza familiak egia, justizia eta erreparazioa eskatzen. Zein heinean bete diren Martinezi galdetuta uste du, pausoak eman direla: "Iaz udalak adierazpena onartu zuen Angel Berrueta biktima izan zena onartzen zuena. Aurten ere Nafarroako Parlamentuak eskuin muturreko taldeek eta funtzionario publikoek eragindako biktimei omenaldia egin die. Pìskanaka erakundeen babesa jasotzen ari da familia". 

Justizia txikia izan duela ere uste du Martinezek. Berrueta hil eta denbora gutxira irten baitziten espetxetik zenbait baimen eskuratuta: "Dagoeneko kalean dira. Familiak urruntze agindua du eskatua, baina, ez dakigu zertan den", azaldu du Martinezek. 

Erreparazioari dagokionez, batez ere inguruko jendeak, herritarrek, bizilagunek eman diote babes hori familiari, elkartasun handia izan dute.

Albistea Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC by-sa lizentzia baliatuta ekarri dugu ARGIAra