Luzaideko Buruxuri etxean sortu zen 1930ean eta jaioterriari buruz bi liburu idatzi zituen: Jean-Baptiste Etxarrenekin batera Luzaiden gaindi (Elkar, 2002) eta Luzaiden gaindi II (Elkar, 2009). Ohorezko euskaltzaina izan zen eta hainbat hedabidetan aritu zen kazetari. Hil egin dela jakinarazi du Euskaltzaindiak, eta ARGIAn egin genion elkarrizketa berreskuratu dugu.
Reyes Ilintxetak elkarrizketatu zuen 2011n, eta pasadizo ugari kontatu zizkion. Euskararen etorkizunaz ere aritu zen: “Euskal Herriko etorkizuna kontzientzian da. Ari da aunitz jende lanean horretan. Bagenu kontzientzia euskaraz egiteko, euskara salbatzea litzateke. Badira milaka haur euskaraz dakitenak baina hor dago arriskurik handiena: euskaraz ikasita ere erdaraz hitz egiten dute. Denek zerbait egin behar dugu. Nik uste dut behar dela inarrosi zerbait gisa. Iratzarri sentimenduak. Baina ez da harritzekoa. Euskara egona da zoko batean bezala mendeak eta mendeak”.
Bideoan ere grabatu genuen: Angel Aintziburu, urre bete buru.
Bestalde, Euskarabidearen webgunean entzun daitezke Aintzibururi eginiko hainbat elkarrizketa. Horietan bere ahotik Bordel bertsolariaren pasadizoak eta bertsoak, karlisten garaiko istorioak, haurrentzako josteta eta kantuak, sendabide naturalak, pilotari zaharren anekdotak eta hamaika kontu gehiago aditu daitezke.