argia.eus
INPRIMATU
Añez Boliviako presidente ohia espetxean sartu dute estatu kolpeagatik
  • Igandean eman du epaia Boliviako Regina Santa Cruz epaileak. Sei hilabetez prebentziozko espetxealdia bete beharko du presidente ohiak 2019ko estatu kolpean sedizio, terrorismo eta konspirazio delituak egotzita.

ARGIA @argia 2021eko martxoaren 15
Sei hilabetez izango dute preso presidente ohia.

Jeanine Añez presidente ohiak jaso duen epai bera izan dute Justizia ministro ohi Alvaro Coimbrak eta Energia ministro ohi Rodrigo Guzmánek.

Añezek adierazi du MASek (Sozialismorako Mugimendua) erabakitzen duela eta justizia sistemak hark esandakoa bete. Eman ez zen estatu kolpe bategatik atxilotuta dagoela esan du presidente ohiak.

Justiziak Yuri Calderón Poliziaren komandante ohia eta Williams Kaliman Romero Indar Armatuen komandante ohia ere bilatzen ditu, besteak beste.

2019ko urriko hauteskundeak irabazi ostean, Evo Moralesek estatu-kolpe bat jaso zuen urte horretako azaroan, eta ondorioz, erbestera joan behar izan zuen, Mexikon lehenik eta Argentinan ondoren.

Añezek, garai hartan Senatuko bigarren presidenteorde ohia zenak, Boliviako behin-behineko presidente izendatu zuen bere burua, quorumik gabeko saio legegile batean.

Urtebete geroago, Boliviak hauteskunde orokorrak egin zituen, eta Luis Arce egungo presidenteak irabazi zituen, Moralesek gidatutako Sozialismorako Mugimenduko presidenteak.