argia.eus
INPRIMATU
Ane Urkiri izendatu dute ‘Naiz’ atari digitaleko zuzendari berria
  • Duela hamabi urte sortu zen Naiz agerkaria, Gara egunkariaren atari digital moduan, eta denbora horretan Iñaki Altuna izan da zuzendaria. Aurrerantzean, Ane Urkiri (Mutriku, 1993) izango da Gara egunkariaren Naiz atari digitalaren zuzendari berria. Hedabide horretako Kirolak saileko arduraduna izan da Urkiri.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko urriaren 21
Ane Urkiri, zuzendari berria. Naiz

"Transmediaren aldeko apustua" egin du Naiz-ek azken urteotan, eta Naiz Irratia da horren adibide, Urkirik azaltzen duenez Altunak egin dion elkarrizketan, Gara-ren 7K-n argitaratua. Hori "indartzera" datorrela hitzeman du Urkirik. Horregatik, informatzeko manerak gazteengana egokitzeko diskurtsoa nabari zaio aipaturiko elkarrizketan: "Gazteei gehiago entzun behar zaie eta gutxiago epaitu. (...) Esaten denaren kontrara, uste dut badutela informatuta egoteko interesa, beraien modua, eta geuk haiengana egokitu behar dugu. Pentsatzea papera masiboki irakurtzera itzuliko direla, ez da errealista".

Euskarari dagokionean, bestalde, Naiz Irratiaren lana azpimarratu du. Naiz atari digitalean euskarazko ekoizpen "zabala eta kalitate handikoa" dela dio Urkirik, eta euskarazko "gero eta pieza gehiago" ekoiztea dela asmoa.