argia.eus
INPRIMATU
Ane Labaka Mayozek irabazi du II. Señora Sariketa
  • Ekainaren 4an jokatu da Señora Sariketako finala, bete-betea egon den Leitzako Herri Aretoan. Aner Euzkitze eta Ane Labakak jokatu dute buruz-burukoa eta Mayoz gailendu da, beraz, berak jantzi du pamela. Bi hauez gain, saioan aritu dira: Erika Lagoma, Uxue Fernandez, Amaia Iturriotz eta Sarai Robles. Rosi Lazkanok okasiorako jarritako bertsoak kantatu ditu eta Herrialde Katalanetatik etorritako glosadoreek hasierako agurra kantatu dute.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2022ko ekainaren 07a

Guztira hamalau bertsolarik hartu dute parte aurtengo Señora Sariketan. Antolatzaileek honela definitzen dute sariketa honen izaera: "Emakumeen eta hegemonikoak ez diren gainontzeko identitateen ikusgarritasuna bilatzen duen lagunarteko txapelketa".

Bi kanporaketa jokatu dira aurretik, eta horietako bakoitzetik bi bertsolari sailkatu dira finalerako: Amaia Iturriotz, Ane Labaka, Aner Euzkitze eta Sarai Robles. Horiekin batera aritu dira finalean kantatzeko deituak izan diren "ohorezko bi señorak": Erika Lagoma eta Uxue Fernandez.

Herrialde Katalanetatik zazpi glosadore etorri dira aurtengoan, sariketa berezi hau ezagutzera. Haietatik hiruk eman diote hasiera saioari, agurra kantatuz: Aurora Brullet, Laia Pedrol eta Berta Llos izan dira glosak eskaini dituztenak.