Andy Robinson kazetari eta idazlea Davoseko goi bileraz, krisiaz eta Espainiako Estatuko desberdintasun ekonomikoez eta prekarietateaz aritu da La Directan egindako elkarrizketan. Kazetari bat mendi magikoan: nola hondoratu du mundua Davoseko elite ekonomikoak liburuaren egilea da Robinson.
Austeritate politikek ez dute suspertu zorraren krisia pairatu duten herrialdetako bat bera ere ez. Zer iritzi duzu PIGS deritzon herrialdeak suspertzeko troikak proposatutako neurriez? Harremana dute Davos Man deiturikoekin?
Harreman oso estua dago Davosen urtero biltzen den enpresa eta finantza elitearen eta troikak garatutako politiken artean. Neurri politikoek bidea erraztu diote finantza funts putreei. Izan ere, Europako periferian aurrera eraman diren politikek higiezinetako eta ekonomiako aktiboetako prezioetan izandako suntsiketaz baliatu dira eliteak.
Espainiako Estatuan barne eskaria geldiarazita dago eta zuntz produktiboa galtzen ari da. Krisiaren aitzakia baliatuz, askoz ere baztertzaileagoa eta esklusiboagoa den gizarte klasista eraikitzen ari al dira?
Muturreko desberdintasun ekonomikoak dituen gizartea da. Errenta igoera guztiak populazioaren %1 jasotzen baditu, ezinezkoa da gainontzeko %99 ekonomiaren hazkundea bultzatuko duen motorra izatea. Davosek onartu zuen 2011n bere diskurtsoa keynesiarra zela. Are gehiago, langile klasearen pobretzeak kapitalismoaren erreproduzitzeko ahalmena suntsitzen duela azaldu zutenean, Marx aipatu zuten. Irabaziak lortzeko bide bakarra produktuak merkatuan saltzea dela gaineratu zuten, eta horretarako kontsumitzaileek produktu horiek erostea ahalbidetzen dieten soldatak izan behar dituzte. Henry Fordek langileei soldata altuagoak ordaintzen zizkien, bere autoak erosi ziezaioten. Ideia hau XX. mende hasieran ulertzen zuten, baina, kapitalismoaren azken fasean ahaztu egin da.
Berriki, Luis de Guindos Espainiako ekonomia ministroak adierazi zuen Espainiako Estatuko BPGa %0,3 ari zela hasten. Krisitik aterako garela uste duzu? Hala bada, zenbat egin dugu atzera?
2008an genuena berreskuratzeko gutxienez hamar urte beharko ditugu. Munduko Diru Funtsak egindako aurreikuspenen arabera, 2018arte Espainiako Estatuko hazkundea zero izango da. Espainiako Estatuaren susperraldia nondik etorriko den da planteatu beharreko gaia. Diru-batasuna mantentzen bada ezingo da soldatarik igo; hortaz, ez da egongo krisitik irteterik Europaren baitan, barne debaluaziorik gabe. Uste dut adostasuna dagoela ideia horren inguruan. Lehen dirua debaluatu zitekeen, gaur egun soilik soldatak. Bestalde, diotenez, esportazioak dira ekonomiaren motorra. Espainiako Estatua lehiakortasunez hazi ahalko da mundu mailan bere soldata baxuei esker. Hala ere, nora esportatuko dugu? Garatzeko bidean dauden herrialdeak esportatzen duten ekonomien kontsumo iturri nagusi izango zirela zioten, baina hauek ere krisian sartu dira.