argia.eus
INPRIMATU
Android sistema eragilea kode itxiko software multinazionalen jomugan
  • Microsoft, Nokia eta sektoreko beste hainbat enpresek osatzen duten FairSearch lobbyak jabetza askeko softwarearen zabalkundea mugatzeko eskatu dio Europako Batzordeari. Haien hitzetan, doako softwareak lehia askeari eragiten dio.

Lander Arretxea @larretxea 2013ko abuztuaren 20a

Fran Andrades kazetariak Eldiario.es-en azaltzen duenez, gaur arte FairSearch enpresa multzoak Google izan du jomugan: Europar Batasuna presionatuz, bilatzaile erabilienaren algoritmoak aldarazi nahi izan dituzte, enpresa lehiakideak kokapen hobea lor dezaten.

Oraingoan ostera, Google-k kudeatzen duen Android sistema eragilea hartu dute aitzakiatzat software librearen aurka oldartzeko. FairSearchen arabera, Android erabiltzen duten tresna guztietan Google-en bilatzailea lehenesten da eta horrek lehia askea mugatzen du. Haatik, kode irekiko sistema denez, Google-ekin dituen lotura guztiak ezabatzeko aukera ere badago.

Aipatu lobbyaren mugimenduei erantzunez, Europako Software Askearen Elkarteak (FSFE) gutun irekia bidali dio Europako Batzordeari. FairSearch-ek proposatzen duen “negozio-eredu murriztaileari” aurre egin behar zaiola aldarrikatu dute gutunean.

Karsten Gerloff elkarteko presidenteak software askea “gizateriarentzat onuragarria” dela dio. Carlos Piana FSFEko abokatuaren arabera, “patenteen bitartez garaitzerik izan ez dutelako”, software askea erasotzeko bilatzailearen afera erabiltzen du FairSearchek.