Android mugikorren sistema euskaratzen ari da talde bat eta blog bat sortu dute eman dituzten pausoak azaltzeko. Era berean, itzulpenak egiteko laguntza eskatu dute eta, horretarako, jarraitu beharreko pausoak ere azaldu dituzte blogean. Adierazi dutenez, gakoa itzulpena Google-era eramatea da, hauek beren ekimenez euskara txertatzea aurreikusten ez badute ere, ateak zabalik utzi dituztela adierazi baitute.
Android sistema 41 hizkuntzatan erabiltzeko aukera dago, horien artean aurkitzen da katalana. Horregatik, katalanekin harremanetan jartzea izan zen eman zuten lehenengo urratsa. Gakoa itzulpena Google-eko sail ofizialean sartzea zela esan zietela adierazi dute. Google-ekin harremanetan jarri dira eta itzulpen osoa bidaliz gero onar dezaketela esan diete blogean adierazi dutenez: "Android euskaraz nahi dugunez, eta era ofizialean egongo denik konfirmatzen ez digutenez, ekimen hau aurrera eramatea erabaki dugu". Hortik aurrera mugikor fabrikek erabakiko lukete euskara gehitu edo ez.
Samsung eta Sony-Ericsson mugikorren euskarazko itzulpena eskuratzen saiatzen ari dira “errazagoa” izan dadin, baina ez dute lortu. Hala ere, proiektuarekin aurrera jarraituko dutela esan dute. Android etengabe eguneratzen ari da eta aplikazio berriak ere kontuan hartu beharko direla adierazi dute.
Laguntza eske
"Auzolanean egiten bada errazagoa izango da" adierazi dute orain arte lanean aritu diren boluntarioek. Horregatik, herritarren artean itzultzera gonbidatu dute jendea: “Android euskaraz nahi dugun guztien artean itzultzen badugu eta Google-era igotzeko behar diren pausuak ematen baditugu, Android euskaraz ofizialki edukitzeko aukera izango dugu”. Itzulpena egiteko pauso eta baliabideak blogean bertan ipini dituzte.