argia.eus
INPRIMATU
Andreu Escrivà: “Kapitalismoaren jasangarritasunak gaur egungo egoera mantendu nahi du, eta sostengaezina da”
  • El Salto-k Andreu Escrivá ikerlari eta ingurumen-adituari elkarrizketatu du, bere azken liburuaren harira, "Contra la sostenibilidad". Bertan, kapitalismo berdeak bere burua indartzeko erabiltzen dituen estrategiak azaldu ditu, eta nola jasangarritasunaren ideia faltsua sortzen duten.

Ilargi Manzanares 2023ko abuztuaren 22a
Andreu Escrivà. Argazkia: Gabriel Rodriguez / El Salto.

“Kapitalismoaren jasangarritasunaren saiakerak gaur egungo egoera mantentzea bilatzen du, hau da, egoera sostengaezina”, adierazi du Escrivàk elkarrizketan. Jasangarritasunak sortzen duen ilusioa horrekin jarraitu dezakegula, eta merkatua jasangarritasunaz jabetu dela: zerbait erostean “planetari laguntzen ari zarela” saltzen digute. “Enpresa asko gidatzen ari diren sistema sostengaezina mantentzen saiatzen ari gara”, salatu du.

Gaur egun ulertzen den jasangarritasunaren ideiarekin kritikoa da, eta jasangarritasuna “ingurumen-eragin txikiagoarekin” lotzen dugula esan du, baina hori ez dela “benetako jasangarritasuna”. “Jasangarria izatea zerbait modu mugagabean erostea izango litzateke, denboran zehar mantendu daitekeelako. Gaur egun ez dauka zentzurik”, dio Escrivàk. Kotxearen adibidea jarri du: Inoiz ez da izango jasangarria, nahiz eta industria hori saltzen saiatzen den.

Elkarrizketan, karbono-aztarnaren inguruan ere hitz egiten dute; aztarna horren kontzeptua petrolio-enpresa batek sortu zuen marketin kanpaina baterako. Escrivàk fosil-industriak duen indarra salatu du, eta nola marketin kanpainen bidez herritar indibidualari botatzen zaion errua, aldaketa indibiduala bailitzen, nahiz eta aldaketa kolektiboak eta estrukturalak diren benetan garrantzia dutenak.

"Jasangarritasun merkantilistak eta kapitalistak gaur egungo sistema berdin mantendu nahi du” salatu du. Trantsizio ekologikoak, marko horren barruan ikusita, sistema berdinera eramango gaituela adierazi du, nahiz eta sostengaezina izan.

Ekonomia zirkularraren ideiaren inguruan, ezinezkoa dela dio, produkzio prozesu batean inoiz ezingo dela guztiz zirkulu itxi bat izan. Beste ekonomia baten beharra ikusten du: “Beste ekonomia mota bat nahi dut, ekonomia planifikatu bat, ekonomia sozial eta solidario bat, ez duena hazkunde ekonomikoa bilatzen, pertsonen ongizatea baizik”.