argia.eus
INPRIMATU
EAJ
“EAJk behera egin du, eta aintzat hartuko dugu mezua”
  • "Gau gazi-gozoa" dela onartu du Andoni Ortuzar EAJko presidenteak eta parte-hartzea txikitu izanak kalte egin diela adierazi du. "Kontua ez da beste alderdiek zenbat irabazi duten, EAJk behera egin duela baizik, eta aintzat hartuko dugu mezua".

     

ARGIA @argia 2023ko maiatzaren 29a

"Autokritika" eta "gogoeta" aipatu ditu Ortuzarrek, hauteskunde gaueko diskurtsoan. Herritar guztien parte-hartzea eskertzen hasi da, baita alderdiak izan duen babes soziala ere: "EAEko lehen indar politikoa gara eta Nafarroan eta Iruñean ere funtsezko indarra izango gara, Geroa Bairen bidez. Bizkaiko Batzar Nagusietan, Arabakoetan, Donostian lehen indarra izan gara".

"Parte-hartzea jaisteak gure emaitzak kaltetu ditu. Bozkatzea zein inportantea zen adierazi dugu kanpainan zehar, baina batzuek ez diote deiari erantzun, beraz autokritika moduan jasotzen dugu". Alderdiak konpromisoa hartzen duela baieztatu du, "emaitza horiek aztertzeko eta ekintza politikoa errealitate berri honetara egokitzeko".

Kanpaina tentsoa izan dela aipatu ostean, Ortuzarren hitzetan "EAJk argi eta apal adierazten dio iritzi publikoari herriko udal eta foru instituzioetan eman dioten lidergoa hartuko duela, eta gainera beste alderdi politikoekin elkarrizketari helduko diogula, udalak, aldundiak eta batzarrak modu sendo eta egonkorrean osatzeko".

"Badakigu gizarteak zailtasunak dituela garai hauei aurre egiteko", adierazi du, eta "arduraz jokatuko dugu, oposizioan egotea egokitzen zaigun lekuetan".

Lehentasuna garbi utzi du Ortuzarrek: udal eta batzarren gobernagarritasuna ahalbidetzea. "Bihar Euskadi Buru Batzarrak erabakiko du negoziazio politikoaren prozesua".