Maite Iturbe ordezkatzeko proposatuko dute Aldekoa Eusko Legebiltzarrean, bi alderdiek ala adostu eta gero. Besteak beste Iñaki Azkunaren gertuko izan zen Bilboko udalean.
EAJ-k eta PSE-EE-k gehiengo osoa edukita, Andoni Aldekoa EiTBko zuzendari nagusi izateko euren proposamenak ez du arazorik izango Eusko Legebiltzarrean onartua izateko. Bi alderdiek adostu dute Maite Iturbe egungo zuzendariaren ordezkoa, honek kargua uzteko borondatea agertu baitu, El Diario.es-ek Eusko Jaurlaritzako iturriak aipatuz argitaratu duenez.
Iturbek zazpi urtez zuzendu du erakunde publikoa eta PSE-EE berekin oso kritiko agertu izan da zenbait momentutan. 2015ean bere dimisioa eskatzeko mozioa onartu zuen Legebiltzarrak lanpostuen murrizketa baten harira, baina EiTBko Administrazio Kontseiluak ez zion eskaerari kasurik egin.
Andoni Aldekoa Iñaki Azkunaren alboko izan zen urte askoan Bilboko Udalean eta Iñigo Urkulluren exekutiboan ere gertuko lanak egin izan ditu komunikazio aholkulari bezala, goi kargu baten mailako ardura eta soldatarekin.
EiTBek oraindik ez du bere erreforma aurrera eraman eta erronka itzelak ditu aurrera begira, besteak beste ETB-1 euskarazko katean egindako murrizketen ondorioz izandako audientzia beherakada nabarmena –%1,2 ingurukoa besterik ez da–. Joan den apirilean sinadura bilketa abiatu zuten Change.org atarian, euskal telebistak aldaketa behar duela eskatzeko.