argia.eus
INPRIMATU
Andoaingo Baltasarren aurkako irain arrazistak salatu ditu Udalak
  • Andoaingo Udalak komunikatua atera du urtarrilaren 5eko Erregeen kabalgatako polemikaren harira. “Hankasartze batek pentsatzen ez genuen oihartzuna izan du”, adierazi dute.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2019ko urtarrilaren 08a

Hizkuntza ganoraz menperatzen ez zuen gizonezko batek, eta gainera, sare sozialetan zabaldu denez bertako herritarra ez denak, antzeztu zuen Baltasar erregea pasa den larunbatean Andoaingo kabalgatan. Udaletxeko balkoira igota, ekitaldia amaitzear zela, esaldiarekin trabatu, okertu eta gidoia saltatu zuen. "Erregeak gurasoak dira" esan zuen, eta polbora bezala zabaldu eta polemika piztu zen sarean.

Gertakariaren eskutik etorri ziren aurreiritzi, komentario eta iruzkinak gaitzetsi ditu Andoaingo Udalak berriki argitaratu duen oharrean. “Tristura handia dugu eta oso kezkatuta gaude, sare sozialetan eta zenbait komunikabide ezberdinetan gaia jorratzerakoan, nagusitu diren aurreiritzi arrazista eta xenofoboek izandako lekuagatik”, adierazi dute. Andoain herri anitza dela esan, eta hala izaten jarraitu nahi dutela gaineratu dute. Horrez gain, Baltasarren funtzioa betetzeko ardura hartu zuen pertsonari eta bere senideei elkartasuna eta babesa adierazi diote.

Komunikatu osoa hemen irakurgai:

ANDOAINGO ERREGEEN KABALGATAREN POLEMIKAREN HARIRA

Larunbata iluntzetik Andoaingo herriaren inguruan sortu den polemika berri honen harira, Andoaingo Udalak bere atsekabea agertu nahi du gaiak hartu duen dimentsioagatik eta kritiken tonoarengatik eta norabidearengatik. Hizkuntza bat ez menperatzearen ondorioz egiten den hankasartze batek, pentsatzen ez genuen oihartzuna izan du. Tristura handia hartu dugu eta oso kezkatuta gaude, sare soizaletan eta komunikabide ezberdinetan gaia jorratzerakoan, nagusitu diren aurreiritzi arrazista eta xenofoboek izandako lekuagatik. Andoain herri anitza da, aniztasunean bizi da, eta horrela bizi nahi du. Baltasarren funtzioa betetzeko ardura hartu zuen pertsonari eta bere senideei gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diogu.

Bestalde, eskerrak eman nahi dizkiogu La Salle Berrozpe ikastetxeari, urtero erregeen magia gure kaleetara ekartzeagatik. Ehunka bolondresek egiten duten lanaren ondorioz aurrera ateratzen dena. Espero dezagun hemendik aurrera ere ilusio eta indar berarekin lanean jarraitzea.

Andoainen, 2019ko urtarrilaren 7an