argia.eus
INPRIMATU
Andoaingo SAPA armamentu enpresako langileek zortzi greba egun deitu dituzte
  • Zortzi greba egun deitu dituzte langileek azaroaren amaiera eta abenduaren hasiera bitarte. Real Sociedad klubeko presidente Jokin Aperribayren familia gatazkan sartuta dago.

Igor Galarza Intxausti @IgorGalarza 2019ko azaroaren 26a
Irudia: ELA

SAPA armamentu enpresa Espainiako Estatuko enpresarik garrantzitsuenetarikoa da, Defentsa Ministerioko alorrean. Andoainen (Gipuzkoa) dago kokatua, eta enpresak hazkunde ekonomikoak izan ditu azken urteetan. Bertako langileek ordea, ez dute hazkunde horren zantzurik ikusten alor pertsonalean. Hori dela eta, greba egitera deitu du ELA sindikatuak.

Azaroaren 26, 27, 28 eta 29a, eta abenduaren 2, 3, 4 eta 5a izendatu dituzte greba egiteko egunak. Enpresaren barruan Aperribay familia dago sartua, eta Real Sociedad taldeko presidente Jokin Aperribay dago akzionista nagusienen artean. Alde horretatik kritikatu dute futbol erakundeari “eskuzabaltasuna” erakutsi duen bitartean, “170 langile inguru dituen enpresako batzordearekin negoziatzeko mahaian eseri ere” ez direla egin.