Rocka baina batik bat zuzeneko musika maite dutenentzat ia saihestezin bilakatu da ekainaren erdialdera finkatutako hitzordua. Herriko udalak sustatua, goi mailako sei talde bilduko ditu Nafarroa Plazara, 18:00etan hasita. Itsasoaz haraindikoak The Bellrays, Woggles eta Kid Congo & the Pink monkey birds estatubatuarrak eta The Ape australiarra. Bertakoak, berriz, The Lookers eta Bakelite.
The Bellrays talde kaliforniarrak garage musika eta soul doinuak uztartzen ditu, Lisa Kekaula (ahotsa), Bob Vennum (gitarra), Justin andres (baxua) eta Stefan Litrownik (bateria) ditu kide eta 1990ez geroztik, batez beste bi urtetik behin albun berria eskaini izan dute. Ezagunenen artean, Let it Blast (1998) eta Hard Sweet and Sticky (2008). www.thebellrays.com
The Woogles taldeak 25 urtetik gora daramatza oholtzan. 60ko hamarkadako rocka dute iturri nagusia eta bereziki zuzenekoetan erakusten dute urte horietako denetako bagagea eta ezagutza. www.thewoggles.com
The Ape taldea (Kalifornia) Beasts of Bourbon-eko Tex Perkins-ek sortua da, baina talde honek ez du aurreko proiektuekin zerikusirik. Raúl Sanchez (gitarra), Gus Agars (bateria) eta Pat Bourke (baxua eta pianoa) ditu taldekide. www.texperkins.com.au
Kid Congo and The Pink Monkey Birds, Kaliforniarra hau ere, Kid Congo Powers ospetsuaren emaitza berriena da. The Cramps edo Nick Cave and the Bad Sedes taldeetan aritua, sustraietara itzuli da banda honen bidez, alegia, musika primitibora. Soulez jantziriko garage gordina eta rock chicanoa hobetsi ditu eta bere zuzenekoetan ezinezkoa egiten da gorputza mugitzeko grinari eustea. kidcongopowers.blogspot.com.es
Ziburuko hiru gaztek osatzen dute The Lookers taldea: Nicolas Caumont-ek (baxua, ahots nagusia), Mikel Toyos-ek (gitarra, bigarren ahotsa) eta Charlie Hollocou-k (bateria). Garagea, punka eta rock alternatiboa batuz, soinu zirraragarria eskaintzen dute zuzenekoetan. thelookers.bandcamp.com
Bakelite Sergio Llanosek –Athom Rumba, Yoguro Eureka Hot 4– eta Naiara Anasagastik –Paniks– osaturiko taldea da, eta Andoaingo Jaialdian euskaraz arituko den bakarra. Lehena, gitarra jotzeaz eta koruak egiteaz arduratzen da. Bigarrenak gitarra jotzen du, bi piezaz osaturiko bateriari ematen ari ez denean. Hitzak ere bereak dira. Soinukera zabala hartzen dute Bakelitekoek; bluesetik hasi eta folka edo noisea, besteak beste. bakelite.bandcamp.com
Sarrera urririk.
The Bellrays
Woggles
The Ape
Kid Congo & The Pink Monkey Birds
The Lookers
Bakelite