Tortura eta erailketa kasuengatik salaketa bana jarriko dute udal gipuzkoarrek. Beste batzuen artean, Burgosko Prozesuko hiru kondenatu eta Batallon Vasco Español talde armatu parapolizialaren bi biktima dira tortura eta erailketa kasu horietako protagonistak.
Andoaingo Udala izango da salaketa jartzen aurrenekoa: asteazken honetan iritsaraziko dituzte epaitegietara frankismo eta trantsizio garaian Andoaingo herritarren aurka izandako tortura eta hilketa akusazioak. Ostiralean, berriz, Eibar eta Bergarako Udalek izango dute horretarako txanda.
Asteazken honetan egingo den salaketan hamahiru salatzaile aurkeztuko dira epaitegietan, Guardia Zibilaren biktimak tarteko. Xabier Lasa Oroituz Andoaingo oroimen historikorako taldeko kideak Público espainiar hedabideari esandakoaren arabera, Andoaingo Guardia Zibilaren kuartel ohia “Intxaurrondo txiki bat” izan zen.
Oroimen historikorako taldeen garrantzia
Oroimen historikorako taldeak giltzarri izaten ari dira azken urteetan aurrera eramaten ari den borrokan. Estatuaren posizionatze eta errekonozimendu faltaren aurrean etengabe lanean ari dira horrelako taldeak, eta Oroituz edo Goldatu bezalako taldeek haien esker ona adierazi diete salaketetan lanean ari diren udalei eta pertsonei.
Xabier Lasak espero du haiek eginiko txosten landuak fruituak emango dituela: “Hemen 1936ko abuztuaren 16tik 70eko hamarkadaren amaierara izandako giza-eskubideen urraketaren inguruko txostena egin genuen. Torturatu, hildako, zauritu eta errefuxiatuak barnebildu ditugu”.
Udalen azken lana
Udaletako gobernuak aldatu aurretik gaur egungo gobernuek egin duten azkenetariko ekintzak izan dira salaketa hauek. Goldatu oroimen historikorako taldeak prentsa-ohar baten bidez adierazi duenez, "gaur egungo udal-gobernuen azken neurriak dira, berriak sortu arte, eta denboraz justu ibili arren, albiste ontzat jotzen dugu inpunitatearen aurrean instituzioek harturiko inplikazio-maila".