argia.eus
INPRIMATU
Ander Maezturen tortura salaketengatik deklaratuko du polizia batek Madrilen
  • "Nire burua lehiotik botatzea ere pasa zitzaidan", azaldu zuen Ander Maeztu txantrearrak poliziek eragin zizkioten torturak azaltzeko orduan. Segiko kide izatea leporatuta atxilotu zuten 2010ean, beste 14 gazterekin. Orain, haietako polizia batek Madrilgo auzitegi batean azalpenak eman beharko ditu.

ARGIA @argia 2018ko maiatzaren 10
2010eko operazioan atxilotutako gazte gehienek salatu zituzten torturak.

Ostegunean deklaratuko du Espainiako poliziak Ander Maeztu iruindarrak jarritako tortura salaketen harira. Gaztearen esanetan, etengabeko kolpeak eta mehatxuak jaso zituen eta buruan poltsa jarri zioten birritan: "Ama berriz ere bizirik ikusi nahi banuen eurek esandako autoinkulpazioa sinatzeko exijitu zidaten behin eta berriz. Eta, azkenik, baiezkoa eman behar izan nien", azaldu zuen Naiz.eus-en bere testigantza emateko orduan.

Gainerako gazteek ere torturak salatu zituzten, baina Iruñeko eta Madrilgo epaitegiek behin baino gehiagotan artxibatu egin zituzten salaketa horiek guztiak. 2017ko maiatzean Maezturen abokatuak lortu zuen bere kasua berriz ireki zedila Madrilgo Lurralde Auzitegian eta zazpi polizia deklaratzera deitu zituzten. Nolanahi ere, defentsak salatu zuen auzitegiaren "pasibotasuna" poliziei deklarazioak hartzeko unean.

Maeztu 2014an epaitu zuten beste 27 lagunekin batera Segikoak izatea leporatuta, horietako ia denak absolbitu egin zituzten –Maeztu barne–. Soilik bik jaso zituzten zigor-epai murriztuak.

Iruñeko sortuk "elkartasun eta babes osoa" adierazi dio Txantreako gazteari, eta gogorarazi du bera bezala beste ehundaka nafar izan direla torturatuak. Kasu horiek ere ikertu behar direla dio Sortuk, "egia osoa ezagutu, aitortzan sakondu eta erreparazioa burutzeko".