argia.eus
INPRIMATU
Andde Dubois laborari eta sindikalista lekondarra zendu da
  • Irailaren 3an hil da ELBko militante ezaguna, 49 urte zituela. Arbonako lurren okupazioa izan da lekondarrak eramandako azken borroka.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2021eko irailaren 06a
(argazkia: Idoki)

ELB sindikatuko aurpegi ezaguna zen Andde Dubois, hainbat borroketan aritutakoa. Gazte zela sartu zen sindikatura, batez ere behi esnedunen sektorean militatzeko. “Xumea”, “sinplea”, “militante osoa: bere lan partea hartzen zuena eta hausnarketa eta ikuspegi argia zuena”. Horrela oroitzen du Panpi Saint-Marie ELBko kideak. Bai, kide inportante bat galtzen du Euskal Herriko laborantzaren sektoreak eta nekazaritza herrikoiaren alde dabiltzanen multzoak: "Ez dira biziki bera bezalakoak".

Behi hazkuntza ttipia zuten Emilie bere bikotekidearekin batera eta esnekiak ekoizten zituzten, ekologikoan. Laborarien arteko proiektu kolektiboak interesgarriak zitzaizkion, eta horregatik parte hartu izan du, besteak beste laborarien arteko Idoki elkartean, edota Xixtroak deitu kolektiboan.

EHZ festibalekoek, EH Bai ezkerreko koalizio abertzalekoek zein Bake Bidea elkartekoek, hainbat eragilek haien pena adierazi dute. Hain zuzen, sindikalismoaz gain, mugimendu abertzalean ere inplikatua zen.

1996an hartu zuen gurasoen segida etxaldean, eta hamar urte geroago lotu zen proiektuari Emilie. Behi esnedunen sektoreak krisi gogorra bizi du azken urteetan –sistema geroz eta mundializatu eta liberalizatuan esnearen prezioa apalegia delako ekoizpen kostu guziak estali ahal izateko–. Krisian bizirauteko, ahal bezain bat autonomo izateko hautua egina zuen bikoteak: esnea transformatu eta mozkinak salmenta zuzenean saldu.

Azken borroka, Arbonan

Arbonako okupazioa izan da Andde Duboisek eramandako azken borroka. ELB eta Lurzaindia elkarteak deiturik, ekainaren 23az geroztik dabiltza 3,2 milioi eurotan salerostekoak diren hamabost hektarea lur okupatzen, Arbonan. Besteak beste, abuztuaren 3an Parisera joandako delegazioan zen. Egun horretan Arbonako lurren eroslearen etxera bertaratu ziren, honekin hitz egiteko helburuarekin:

 

Irailaren 3an zendu da Andde Dubois, 49 urte zituela.