argia.eus
INPRIMATU
Andatzako parke eolikoa: Jaurlaritzak enpresen aurrean “amore eman” duela salatu dute
  • Andatza mendian parke eoliko bat eraikitzeko baimen-administratiboaren aurretiazko eskaerak alarma sortu du Usurbil eta inguruetako herrietan. Anerreka ingurumen elkarteak azaldu duenez, halako azpiegiturak "jasangaitzak" dira, eragiten duten kalteengatik.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko martxoaren 03a
Ezkeltzuko parajean joango litzateke parke eolikoa, koadro urdina dagoen tokian (iturria: Noaua)

Gipuzkoako Aldizkari Orokorrean argitaraturiko iragarpenaren arabera, Andatza mendian, Ezkeltzu izeneko parajean lau aerosorgailu handi eraikitzeko asmoa du egoitza Madrilen duen konpainia batek. Anerreka ingurumen elkarteak oharra kaleratu du Noaua aldizkarian, halako azpiegitura batek eragin ditzakeen kalteak azalduz.

Elkarteak dioenez, energia eolikoen sektorean plangintzarik eginik ez dagoenez, enpresek berek erabakitzen dute parke eolikoak non eta nola egin, eta Andatzako kasuan ere "Jaurlaritzak amore eman du enpresen aurrean, haiei gure lurrak oparituz erokeriak egiteko".

Haize errota hain garaiak izanik, sostengua egingo duten hormigoi-zapata izugarriak egin behar izaten dira, sakonera handikoak eta 20 metro baino gehiagoko diametroarekin, lur mugimendu handiak eraginez

200 metroko garaiera izan dezaketen potentzia handiko haize errotak aurreikusten ditu Green Capital Development enpresak, eta halako dorreak eraikitzeko ingurumenean sortzen diren kalteak nabarmendu ditu Anerrekak: "Ezkeltzuko kokapenera iristeko, gutxienez 8 metroko zabalerako bidea ireki beharko litzateke, garraiorako ibilgailu bereziak behar baitira. Haize errota hain garaiak izanik, sostengua egingo duten hormigoi-zapata izugarriak egin behar izaten dira, sakonera handikoak eta 20 metro baino gehiagoko diametroarekin, lur mugimendu handiak eraginez. Sortzen den elektrizitatea garraiatzeko, goi-tentsioko linea eraiki beharko litzateke baita, parketik azpiestazioraino. Horrek suposatzen du beste lur eremu handi bateko baso suntsiketa eta lur mugimenduak dorreak eraikitzeko, eta etorkizunean eremu guzti horretan basorik ez sortzea".

Behin aerosorgailuak funtzionamenduan jarrita ere, hegazti-faunari egiten dioten kalteak "etengabeak eta betirako" direla dio elkarteak.

"Inork ez du zalantzan jartzen etorkizunean energia fosilak desagertu behar direla eta haien lekua energia berriztagarriek hartu behar dutela. Kontua da nola eta zertarako –dio Anerrekak oharrean–. Hortaz, ustez klima aldaketari aurre egiteko eraiki nahi diren proiektu hauek natura-ingurumenean eragin oso larriak dituztela ikusten dugu". Hala, ahalik eta hurbilen dagoen energia ekoizpen eredurantz egin beharra adierazi du.