argia.eus
INPRIMATU
Andaluziako Puerto III espetxean hilabete bakarrean hiru preso hil direla salatu dute
  • APDHA Andaluziako Giza Eskubideen Aldeko Elkarteak ikerketa bat eskatu du Cadizko espetxeetan gertatzen ari diren heriotz ugariak direla eta. Lurralde hartan martxoan bakarrik lau pertsona hil dira espetxeetan, horietatik hiru Puerto de Santa Mariako Puerto III espetxe tristeki ezagunean, zeinetan galdu baitzuen bizia Xabier Rey preso iruindarrak.

ARGIA @argia 2018ko apirilaren 05

Uneotan 12 euskal preso –baldin eta ARGIAren kontabilitatea zuzena bada– dauden Puerto III espetxean gertatzen ari dena ikertu behar dela salatu du APDHAk. Lehendik Europako Kontseiluaren Torturaren Aurkako Batzordeak ere ikerlan batean nabarmendua zuen espetxeko funtzionarioek tratu txarrak ematen dizkietela bertako presoei, tartean xehetasun hau ere gehituz: psikiatra kliniko bakarra dagoela Puerto de Santa Mariako hiru espetxeak bisitatzeko eta psikologo kliniko bakar bat ere ez.

Orain APDHA giza eskubideen aldeko erakundeak jakinarazi du Xabier Rey euskal presoa hil ondotik beste bi gehiago hil direla bertan, biak ere Aste Santuan: bata droga gaindosiz eta bigarrena bere buruaz beste eginda, ofizialki Xabier Rey bezala. Laugarren bat Jerez de la Fronterako Bergizarteratze Zentroan hil omen da.

Azken urteotan Espainiako presondegietan eta zehazkiago Andaluziakoetan gertatu diren heriotzen datuak eman ostean, APDHAk asteazkenean, apirilak 4, zabaldutako agirian– oroitarazi du Torturaren Aurkako Batzorde horrek gomendatua diela "Espainako agintariei har ditzaten behar diren neurriak Puerto III eta Sevilla IIko presondegitean erregimen itxiko moduluetan eta departamendu berezietan daudzkaten preso zaurgarriei bermatzeko arreta eta artatze egokiak, eta buruko arazoak dauzkaten presoak eraman ditzatela osasun zentro egokietara, tratamendu eta arreta egokiekin heriotza horiek ekidin daitezkeelako".